Greba eguna dute gaur sektore publikoko langileek

Anboto 2023ko urr. 25a, 08:31

Gaur goizean Bilbon egindako pikete-zutabeko argazkia. (@LABsindikatua)

Irailaren erdialdean deitu zuten sindikatuek gaurko greba eguna. Orduz geroztik negoziazioetan ibili dira, baina ez dute akordiorik lortu. Hurrengo greba eguna abenduaren 19an izango dute. 

LAB, ELA, CCOO, SATSE, Steilas eta ESK sindikatuek lanuzteak deitu dituzte sektore publikoan. Sindikatuek jakitera eman dutenez, grebaren arrazoi nagusia zerbitzu publikoen degradazioa da. Beraien ustetan, zerbitzu horiek "okerrera" egin dute. Hori horrela, gaurko grebara irakasleak, Osakidetzako langileak, garbitzaileak, udal bulegoetako beharginak eta kiroldegietakoak daude deituta, besteak beste. 

Bestalde, grebarako deia egin duten sindikatuek Jaurlaritzako Lan Sailak ezarritako gutxieneko zerbitzuak "berriz ere gehiegizkoak" direla salatu dute. "Berriz ere Jaurlaritzako Lan Sailak milaka langile publiko oinarrizko greba eskubidea egikaritu ezinik utzi ditu", kritikatu dute. 

Mobilizazioei dagokienez, EAEko hiriburuetan egingo dituzte manifestazioak, 11:30ean. Bilbon, Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzatik irtengo dira, Gasteizen, Eusko Legebiltzarretik eta Donostian, Bulebarretik. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!