Errigorak martxan ipini du Nafarroa hegoaldeko ekoizleak eta euskalgintza bultzatzeko kanpaina berria

Anboto 2023ko urr. 20a, 10:27
Errigorak 10 urteko ibilbidea bete du. (Argazkia: Errigora).

Errigorak martxan ipini du Euskarari Puzka kanpaina. Nafarroa hegoaldeko eta erdialdeko bederatzi produkturekin osatutako kaxak salgai ipini dituzte, bertako ekoizleak eta euskalgintza bultzatzen jarraitzeko. Dinamikak 10 urte bete ditu aurten. 

Bederatzi produktuz osatutako otzarak izango dira, produktu ekologikoekin eta konbentzionalekin, biekin, osaturikoak. Errigorak zehaztu duenez, bost produktu amankomunak izango dira kaxa guztietan (zainzuriak, piperrak, orburuak, gozo bat eta ardoa), eta beste laurak "gainontzeko ohiko produktuak" izango dira  Aurtengo kanpainan Nafarroa hegoaldeko eta erdialdeko 23 ekoizlek parte hartu dute. Kaxak errigora.eus atarian eskatu daitezke, 50 euroan. Eskaerak egiteko epea azaroaren 9an amaituko da.

Errigorak 10 urteko ibilbidea bete du aurten. Hamarkada honetan, 130.000 saski baino gehiago banatu dituzte Euskal Herri osoan. Baturiko dirua, Nafarroako hegoaldeko eta erdialdeko euskalgintzara bideratu dute. 1.800.000 euro guztira. 

Banaketa puntuak Durangaldean

Kaxak eskatzen dituzten Durangaldeko herritarrek, honako toki hauetan jaso ahalko dituzte saskiak:

  • Abadiño: Isiotu Kultur Elkartea.
  • Atxondo: Amillena.
  • Durango: AEK, Ibaizabal ikastola eta Kurutziaga ikastola.
  • Elorrio: AEK eta Txintxirri ikastola.
  • Iurreta: Dantza taldearen lokala.
  • Mañaria
  • Otxandio: Kementsu elkartea.
  • Zaldibar: udal plaza.
  • Zornotza: Ixerbekoa kiroldegiaren ondoko lonja.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!