Eusko Jaurlaritzako politikariak Hezkuntza Lege berriaz eztabaidatzen ari direla eta, Berton Bertokoa dinamikak ahotsa altxatu du debate hori eremu akademikora mugatu barik, eskola elikaduraren arlora ere zabaltzeko. Dinamikako kideak kexu dira Hezkuntza Lege berrian jangelak "falta" direla eta. Jantokien eredua "agortuta" dagoela diote, eta "beharrezkotzat" jo dute "jangeletarako eredu berri bat" diseinatzea. "Hezkuntza Lege berriak jangelentzako alternatiba bat" izan behar duela plazaratu du dinamikak.
"Eskola publikoetako jangeletan 90.000 ikasle inguruk bazkaltzen dute egunero. Familiok milioiak ordaintzen dizkiegu catering enpresa handiei, baina erabakitzeko inolako aukerarik ez digute ematen. Sarri entzuten dugu gure agintari politikoen ahotik bertoko produktuak erosteko gomendioa. Baina esaten dutena eta egiten dutena ez datoz bat", kritikatu du Berton Bertokoak. Hori dela eta, dinamikako kideen iritziz, Eusko Jaurlaritzako gobernu taldeak eta oposizioko kideek "aukera paregabea" dute "jangela eredu berri bati ateak zabaltzeko": "Gure lehen sektorea berpiztu, gure ekonomia suspertu, etorkizuneko belaunaldia osasuntsu hazi eta ingurua zaindu" egingo duen eredua aldarrikatu dute.