“Ikusitako paisaiek motibatzen naute argazkiak ateratzera”

Aitziber Basauri 2023ko urr. 15a, 10:30

Jon Armendiak kuadrillako lagun batek animatuta parte hartu du ANBOTOk antolaturiko udako argazki lehiaketan. Batez ere paisaiak islatzea du gustuko arrasatearrak; horixe du argazkiak ateratzeko motibazio nagusia, aitortu duenez.

Itxaroten zenuen zure argazkia izatea aukeratua? 
Sorpresa hartu nuen. Aurkezturiko beste argazkien artean, pare bat nahiko onak zirela ikusi nuen. Banekien nirea polita zena, eta irabazteko aukera izan nezakeela pentsatu arren sorpresaz hartu nuen deia. Pozik hartu dut berria.

Zer istorio du atzean ‘Ibizan’ argazkiak?
Uda honetan Ibizara kuadrillan egindako bidaia; oso bidaia ona, abentura larregi izan duena, beharbada. Bidaia horretan kotxea apurtu genuen eta arazo dezente izan genuen. Gopro argazki kamera bategaz ateratako argazkia da Ibizan, lagun bategaz urpean igeri egiten nengoela ateratakoa. Nor sakonago heldu lehiaketa egin genuen, eta horretan geundela hainbat argazki atera nuen. Argazki polita zela eta, lehiaketara bidaltzea erabaki nuen. Kasualitatez eta zorte apur bategaz ateratako argazkia da, praktika askorik ez dut oraindino.

Noiz eta zelan hasi zinen argazkigintzan?
Argazkilaritza asko gustatzen zaigun hiru lagun gaude kuadrillan. Batez ere, bat. Argazkilaria da bera. Batez ere, paisaiei ateratzen dizkie argazkiak, eta beragaz joaten garen bakoitzean horretarako aprobetxatzen dugu. Eurekin ikasten dut gehien. Paisaiak, mendia zein itsasoa ditut gustuko, eta horren bitartez argazkigintzarako afizioa sortu zait.

Zerk motibatzen zaitu argazkia ateratzera?
Mendiak, itsasoak… ikusten ditudan paisaiak, orokorrean. Horretarako, ilunabarra edo egunsentia aprobetxatzea gustatzen zait. Horixe da argazkiak ateratzeko nire motibazioa.

Zer da zuretzat argazkigintza?
Afizio bat. Ikasketetan ez pentsatzeko ihesbide bat. Lagunekin mendira joaten naizenean, adibidez, ahal dudan neurrian argazkiak ateratzeko aprobetxatzen dut.  

Momentu oro argazki kameragaz ibiltzen zaren horietarikoa zara?
Ez, gehienetan argazkirako modeloa izaten naiz, kameraren aurrean ipintzen denetarikoa naiz. Bietara nago eroso, objektiboaren aurrean zein atzean. 

Zure ustez zer behar du argazki on batek?
Zerbait transmititu behar du, argazkia ikusten duen horri zerbait esan behar dio. Dena dela, aurrean dudan paisaia gustuko badut, di-da ateratzen dut argazkia, beste ezeri erreparatu barik.

Lehenengoz aurkeztu zara argazki lehiaketa batera?
Bai. Behin animatuko eta saria irabazi! Igual hurrengoan ere animatuko naiz (barrez). Hiru argazki aurkeztu ditut; beste biak argazki kameragaz atera genituen, Dolomitetan. Han ere sekulako argazkiak atera genituen. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!