[BIDEOA]: Idoia Otaduy da Mankomunitateko presidente berria

Ekaitz Herrera 2023ko urr. 5a, 19:31

Mankomunitateko agintea EAJren eskuetatik EH Bilduren eskuetara igaro da arratsalde honetan. Otaduyk adierazi du "erronka handia" daukala eskuartean eta "gogor" lan egingo duela Mankomunitateko zerbitzuak, hala nola gizarte gaiei loturikoak, "hobetzeko". 

Botere aldaketa gauzatu da Durangaldeko Mankomunitatean. Azken lau urteotan erakundeko presidente izan den Mireia Elkoroiribek (EAJ) Idoia Otaduyren (EH Bildu) eskuetan utzi du aginte makila. Horrenbestez, Otaduy izango da datozen lau urteetan, Durangaldeko Mankomunitateko presidentea. Eskuetan daukana "erronka handia" dela esan du Otaduyk, eta azpimarratu du "gogor" lan egingo duela zerbitzuak hobetzeko eta "dinamika okerrak onbideratzeko". Gizarte zerbitzuak izan ditu aipagai. Alde horretatik, presidente berriak eskua luzatu die gainerako alderdiei, bidea elkarrekin egiteko. "Orain, lanera, elkartuta", esanda bukatu du hitz hartzea. 

Inbestidura saioa aurreikusi bezala igaro da. Astolako Etxean (Abadiño) batu dira errepresentazioa lortu duten eskualdeko 31 ordezkariak. Bozketan 30 boto paper zenbatu dituzte, hain zuzen ere, Abadiñoko Independente Berriak taldeko José Luis Navarrok abstenitzea erabaki duelako. Gainerakoan, honako hau izan da emaitza: 16 boto lortu ditu Idoia Otaduyren hautagaitzak (EH Bilduko 15 ordezkarien botoak eta Garaiko Herriko Taldeko kidearenak), eta 14 EAJk presidentegai izateko aurkeztu duen Oskar Koka iurretarrak.

"Lankidetza"

Oskar Koka jeltzaleak zoriondu egin du presidente berria, eta eskua luzatu die bai Otaduyri eta bai EH Bilduri, "lankidetzan" aritzeko "Datozen urteak garrantzitsuak dira Durangalderako", adierazi du, eta beharrezkotzat jo du "zerbitzuak hobetzeko eta handitzeko hasitako bideari jarraitzea". Era berean, orain arte egindako ibilbidea goraipatu du Kokak. DEK Durangaldeko Enpresa Ekimena, Berrizko belodromoa estaltzeko proiektua eta enpresentzako aholkularitza zerbitzuak aipatu ditu egindako lanaren fruitu modura. Hautagai jeltzaleak. Mireia Elkoroiribek egindako lana txalotu du. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!