Juan Luis Irazola: "Ebakuntza ondo irten da eta, beharbada, egun bat edo bi barru etxera joan ahalko dut"

Anboto 2023ko urr. 2a, 11:47
Juan Luis Irazola Mallabian. (Artxiboko irudia).

Atzo arratsaldean ezbehar bat gertatu zitzaion Juan Luis Irazola (Atxondo, Mallabian bizi da, 1961) abeltzainari. Gernikan izan zen, Pirinioetako arrazako ganaduaren Euskal Herriko txapelketan. 1.000 kilotik gorako zezen bat pistara ateratzera zihoala, oldartu egin zitzaion eta iztartean adarkatu zuen.

Lehenengo eta behin, zelan aurkitzen zara?
Atzo ebakuntza egin zidaten eta ondo joan zen. Ondo aurkitzen naiz. Oraintxe etorri dira medikuak zelan nagoen ikustera. Gaur UCItik atera eta ospitaleko gela batera eramango nautela esan didate. Infekziorik ez badago, egun bat edo bi barru etxera joan ahalko dut, beharbada.

Zelan gogoratzen duzu ezbeharra?
Markinako abeltzain gazte baten zezena  atera nahi nuen pistara. Bera bajan dago eta neuk aterako niola esan nion. Soka hartu nuenean, zezenak buelta hartu zuen eta neugana zuzendu zen bete-betean.

Adarkada bat baino gehiago eman zizkizun, ezta?
Tibia eta perone hezurren inguruan eman zidan bat, baina kolpe bat bakarrik izan zen. Adarkadarik larriena ezkerreko iztartean jaso nuen. Zauria ikusi eta segituan eskuak bertan jarri nituen, bultza eginez. Lagun bik torniketeak egin zizkidaten; batek gerriko batekin eta besteak soka batekin. Anbulantziako medikuek esan zuten torniketeak oso ondo eginda zeudela. Eskerrak torniketeei, bestela… Gero ospitalera eraman ninduten. Zorionez ez zidan arteria nagusia harrapatu, bestela askoz okerragoa izango zen, dudarik barik. Espero baino odol gutxiago galdu nuela esan zidaten.

Zezena zelakoa zen?
Bost urte inguruko zezena zen eta 1.000 kilotik gora izango zituen. Lehenengo aldiz parte hartzen zuen horrelako txapelketa batean.

Beharbada lehenengo aldia izateak esplikatzen du bere portaera?
Baietz uste dut. Azoketan egondakoa da, baina azoka bateko giroa eta Gernikako txapelketakoa diferenteak dira. Beste giro bat dago: musika, zarata, jendea… Gaur goizean ugazabak etxera eraman du zezena eta oso mantso zegoela dio, baina une hartan… Ez nintzen bat-batean joan zezenarengana. Aurretik beragaz egon nintzen apur batean: lepoa laztandu, berba egin… Baina zezenak zelan erreakzionatuko duen inork ez daki eta!

Antzerako beste ezbeharrik izan duzu inoiz?
Bai, orain urte asko, hiltegira eramandako behi batekin. Deskargatzerako momentuan, hesiaren atzean jarri nintzen, behiak hesia bota zuen, harrapatu ninduen eta jipoi itzela eman zidan. Buruarekin bularrean, hanketan… denean jo ninduen. Eskerrak adar motzak zituen. Eta orain urte bi etxeko behi batek jo ninduen. Basoan zegoen eta hara joan nintzen txakurrarekin. Neugana zuzendu zen, jo ninduen eta urrun jaurti ninduen. Adarkada bat eman zidan beste hankan, eskuman. Zauri txiki bat egin zidan.

Gertatu dena ikusita, pentsatu duzu horrelako txapelketak uztea?
Ez, berdin-berdin jarraituko dut txapelketetan. Horrelako gauzak gertatzen dira, tokatzen denean, baina berdin jarraituko dut.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!