Bizkaiko Bertsolari Txapelketa

Domekan hasiko da Bizkaiko Bertsolari Txapelketa, urriaren 1ean; eskualdeko hamar lagun lehiatuko dira bertan

Aritz Maldonado 2023ko ira. 30a, 11:20

Domekan hasiko da Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren bigarren fasea. Maiatzean lehenengoa jokatu ostean, udazkenean ekingo diote berriro ere txapelketari. 43 bertsolarik parte hartuko dute guztira, tartean Durangaldeko hamarrek.

Domekako saioan Araitz Katarain mallabitarrak eta Txaber Altube abadiñarrak kantatuko dute, Izaro Bilbao, Koldo Muñiz, Mikel Goiriena eta Peru Vidal bertsolariekin batera; Mungian izango da kanporaketa hau, Olalde aretoan, eta 17:00etan hasiko da. Fase honetan, Bittor Altubek (Abadiño), Garikoitz Sarriugartek (Zaldibar), Iruri Altzerrekak (Garai), Ander Sarriugartek (Durango), Igor Galarzak (Abadiño) eta Eneko Abasolo 'Abarkas'-ek (Iurreta) ere kantatuko dute. Gorka Pagonabarraga durangarrak eta Aitor Bizkarra abadiñarrak finalaurrekoan hasiko dute txapelketa, aurreko edizioan finalera heldu zirelako.

Kantatzen ez ezik, Durangaldeko hainbat lagunek parte hartuko dute Bizkaiko Txapelketan: besteak beste, Eider Gallastegi mallabitarrak eta Ione Narbaiza abadiñarrak komunikazio taldean, Amaia Ugalde elorriarrak eta Itxaro Juaristi abadiñarrak gai jartzen, eta Beñat Romero zornotzarrak eta Miriam Juaristi zaldibartarrak epaile lanak egiten. Txapelketa hiru fasetan banatuko da; sei kanporaketa, hiru finalaurreko eta finala jokatuko dira. Durangaldean saio bakarra jokatuko da, lehenengo finalaurrekoa. Azaroaren 11n izango da, Olakueta frontoian. Finala abenduaren 16an izango da, Bilbo Arenan, eta zortzi bertsolarik kantatuko dute bertan. Finalera hiru finalerdietako irabazleak, eta puntuaziorik altuena duten lehenengo bostak sailkatuko dira. Saioetarako sarrerak salgai daude www.bertsosarrera.eus atarian.

Ibarzabal txapeldun
2021ean izan zen Bizkaiko azkeneko txapelketa. Finaleko buruz burukora Jone Uria eta Nerea Ibarzabal sailkatu ziren, eta bigarrenak jantzi zuen txapela. Final horretan kantatu zuten, esandako moduan, Aitor Bizkarrak eta Gorka Pagonabarragak; Bizkarra Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalaren ateetan geratu zen iaz. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!