Gorbeia Suzieneko proba nagusiaren 10. edizioa izan da aurtengoa, Skyrunner World Series (SWS) Munduko Koparako puntuagarria beste behin ere, eta bertan Durangaldeko korrikalari bik lehenengo hamarren artean sailkatzea lortu dute. Markel Urigoitia otxandiarrak zortzigarren egin du mutiletan (3.08.28), eta Oihana Azkorbebeitia abadiñarrak hamargarren nesketan (4.04.42). Gaurko emaitzari eskerrak, Urigoitiak Italian jokatuko den finalera sailkatzea lortu du. (Azkorbebeitia eta Aitor Ajuria otxandiarra lehenagotik daude sailkatuta).
Gaurkoa oso proba lehiatua izan da, aldaketa askokoa lasterketa buruan, batez ere neskenean, eta azkenean Clémentine Geoffray frantziarra (2023ko munduko txapelduna) nagusitu da (3.34.25). Irish Pessey frantziarra sailkatu da bigarren (3.35.49), eta Anastasia Rubtosva errusiarra hirugarren (3.39.55). Mutiletan, Alain Santamaría errioxarrak irabazi du (2.57.08), Antonio Martínez espainiarra izan da bigarrena (2.58.04), eta Frédéric Tranchand frantziarra hirugarrena (2.58.30). Irabazle biek aurretik zeuden errekorrak hautsi dituzte.
Aipatzekoa da ere Ander Gerrikaetxebarria zornotzarraren lasterketa. 23. sailkatu da mutiletan (3.24.10).
32 kilometro eta 2.400 metroko desnibel positiboa dituen proba honetan, korrikalariek Gorbeia (1.482 m) eta Aldamin (1.373 m) mendiak igo dituzte.
Gontzal Murgoitio, erdian. (Argazkia: Unai Olaso)