Bizkaibusen kontzesio baten bidez eskualdeko autobus lineen ardura duen Avanza Durangaldea enpresako langile-batzordeak langile batek pairatu duen genero jazarpen kasua salatu du.
ELA sindikatuak ohar batean jakinarazi dutenez, erasoa irailaren 4an gertatu zen, Zeanuriko linea egiten duen zerbitzuan. Bidaiari bat autobusean sartu eta txartel bat eman zion emakumezko gidariari; bertan telefono zenbaki bat zegoen, eta mezua honako hau zen: “Kafe bat hartuko dugu? Oso eskuzabala naiz”. Azaltzen dutenez, "gidariak hasieran ez zion jaramonik egin txartelari, baina zenbait ordu beranduago telefono pertsonalean mezuak jasotzen hasi zen; bidaiariaren jazarpena medio larritasuna eta kezka sartu zitzaion". Bestalde, langile-batzordeak jakin duenez, "hau ez da kasu bakarra, bidaiari berak halako txartelak banatu baititu beste gidari eta bidaiari emakumeen artean".
Gidatzen ari direla langileek jasaten dituzten erasoak “behin eta berriz” gertatzen direla salatu dute. "Ez soilik jazarpena, baizik eta hitzezko erasoak, esaterako abuztuaren 29an Galdakaon 3932 linean bidaiari batek egindakoa (honek beste behin gidari bati eraso ziolarik). Halaber, gauez eta goizean goiz egiten diren zerbitzuetan, bidaiariak jai edo diskoteketatik datozenean, ohikoak dira hitzezko erasoak, ibilgailuei eragindako kalteak, borrokak, etab".
Kasu horiek guztiak ikusita, "guztientzako segurua izango den kalitatezko zerbitzu baten alde" lan egiten ari direla diote Avanza Durangaldeako langile-batzordeko kideek. "Langileari uneoro babesa eman beharra dago halako indefentsio egoeretan; izan ere, zerbitzuotan ibilgailu bakoitzean gidari bakarra izan ohi da, babesik gabe eta unean uneko egoerei aurre egiteko baliabiderik gabe".
Langile-batzordeak "neurriak hartu ditu" ziurtatzeko hala enpresak nola Aldundiak (Bizkaibus zerbitzuaren arduradunak) "erabakiak hartuko dituztela honelako egoerak berriro gerta ez daitezen".