"Zeharkaldia egiteko, fisikoki eta mentalki prestatuta egon behar da"

Aitziber Basauri 2023ko ira. 10a, 10:00

Durangaldeko hamahiru laguneko talde bat 3.000 Ibones mendi zeharkaldia egitera joan zen uztailean. Aterpetxerik aterpetxe sei eguneko zeharkaldia egin zuen talde horretako hiru kide dira Maria Lopez Castillo (Elorrio, 1993), Irati Sarriugarte Onaindia (Durango, 1993) eta Edurne Solaguren Etxeandia (Bilbo, 1984). Orain hiru urte jaiotako ekimen honek datozen urteetan jarraipena izatea gura dute.

Maria eta Irati, orain hiru urte egin zenuten zuen lehenengo ibilaldia Pirinioetan. Orduan hiru lagun joan zineten. Zelan sortu zen guztia?
Maria: Lagun batek, Anek, aspalditik zuen gogoa zeharkaldi bat egiteko eta proposamena egin zigun. Camilleren Bidea egin genuen. Oso esperientzia polita izan zen, eguraldiak lagundu ez arren.
Irati: Hiru egunez euri zaparrada itzelak bota zituen eta ez ginen ondo prestatuta joan. Mendian miseria apur bat pasatu daitekeela ikasi genuen. Iaz Carros de Foc mendi zeharkaldia egin genuen eta lehenengo euri tanta bota zuen unean bertan euritik babesteko poltsa ipini genuen. 
Maria: Geuk bakarrik generaman halako poltsa. Lehendik eskarmentua geneukan.

Iaz bederatzi laguneko taldea osatu zenuten.
Maria: Bai. Gurearen moduko beste talde bat zegoela jakin genuen, Pirinioetan zeharkaldia egin zuena, eta talde biak batzea erabaki genuen. Aurten gehiago batu dira.
Irati: Askotariko lagunak batzen dituen taldea gara, mendian eta lagun artean egotea gustuko duena. 

Edurne, zu aurten batu zara.
Edurne: Urtean zehar mendian ibiltzen naiz, baina inoiz ere ez dut horrelako zeharkaldi luzerik egin. Aukera sortu zenean, pentsatu barik animatu nintzen, gutxi batzuk baino ezagutzen ez nituen arren. Talde jatorra da eta oso ondo moldatu gara. Erraza izan da. 

Abantaila ala traba da gehiago 13 laguneko taldea izatea?
Edurne: Talde handia edo txikia izan, berdin sortu daitezke arazoak. Arlo fisikoan berdintsu ibili garela esango nuke eta elkarbizitzan ondo konpondu gara. Barre mordoa egin dugu eta ez dugu tirabirarik izan. 

Prestaketa berezirik behar da?
Edurne: Mendian ibiltzen jakin behar da. Eta taldean zoazela  jakinda, horren beharrizanetara egokitzen jakin behar da; fisikoki eta mentalki prestatuta egon behar da.
Maria: Eguraldi eskasagaz ere mentalki prestatuta joan behar da, aurrera egiteko. Baliteke busti-busti egonda ere ordu bian oinez jarraitu beharra, edo aterpetxera heldu eta ur berorik ez egotea. 

Zelako esperientzia da?
Edurne: Polita. Mendiak askatasun handia ematen du; nire momentua da. Naturagaz bat egiteko edo denagaz deskonektatzeko aukera ematen du. Taldeagaz partekaturikoa nabarmenduko nuke, paisaia izugarriak, bidean topaturiko jendeagaz egindako hartu-emanak...
Maria: Hala da. Gainera, aterpetxez aterpetxe joanda bestela ezagutuko ez genituzken paraje ederrak ikusteko aukera dugu.

Urteroko zita bihurtuko da?
Maria: Proposamen polita dela uste dut, datozen urteetan jarraipena izango duena. Aurten etorri ezin izan den hamalaugarren lagun bat ere prest dago.
Edurne: Polita litzateke, bai. Ez dago jakiterik, baina posible den neurrian eutsiko diogula uste dut.

Datorren urterako proposamenik?
Irati: Bai. Atlasera joatea, Las Feixas zeharkaldia, Himalaia... (barrez).

Mendi bat?
Edurne: Mugarra, zerbait berezia transmititzen dit.
Maria: Torres de Lipain (Txile)
Irati: Pirinioetan, Ouletteseko aterpetxearen ingurutik dagoen Vignemaleren ikuspegia.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!