Aste batzuk igaro dira 'Abian' kaleratu zenutenetik. Zelako harrera izaten ari da?
Oso pozik gaude. Gertuko batzuk harrituta geratu dira estilo aldaketagaz, baina asko disfrutatzen dabiltza. Sareen bitartez, ezezagun askok iruzkinak utzi dizkigute eta asko gustatu zaiela esan digute. Oso pozgarria da ezezagun batek, inongo konpromisorik barik, egiten zabiltzana oso ona dela esatea. Oso pozik gaude! Bigarrenagaz hasteko gogoagaz jada!
Hasierak gatxak izaten dira beti eta kostatu egiten zaigu geure burua ezagutaraztea. Abian diskoa entzuten duten guztiek gozatuko dutela uste dugu, baina jende horrengana guztiarengana ailegatu behar dugu eta ez da erraza.
Zelan joan da grabazio prozesua? Non grabatu duzue?
Dena gure estudioan grabatu dugu, urte bian. Prozesu motela eta lan handia izan da, baina geuk egiteak pazientziagaz egiteko aukera eman digu. Emaitza ona lortu arte saio bakoitza errepikatzeko aukera ematen du eta hori abantaila bat da. Lana egiteko modu honegaz ez duzu estudio batek egunean duen kostuan pentsatzen, eta lana ondo egitea baino ez duzu buruan. Normalean, hiru-lau ordu grabatu ostean kalitatea jaisten hasten da; hilabete asko iraun duen prozesua izan da, baina ez gara inoiz nekatu. Ordu asko eskaini dizkiegu ahotsei, eta horretan Julio Veigak lagundu digu, taldetik gertu dagoen musikari bikainak. Behin dena grabatuta, Genovan (Italia) bizi den eta gure nahasketa eta masterizazio ingeniaria den Beñat Agirreri bidali genion; lau abestiren ondoren, Beñatek utzi egin behar izan gintuen, arrazoi pertsonalengaitik, eta prozesua gelditu behar izan genuen; Jaro Soundegaz (Praga) jarraitu genuen. Arretaz entzunez gero, ingeniari bien artean soinu diferentzia txiki bat dago, baina kasu bietan emaitza bikaina da.
Maldito Recordsegaz kaleratu duzue. Zelan, ba?
Behin grabazioa amaituta, singleak ateratzen hasi ginen, baita ateak jotzen ere. Hiru bideoklip grabatu genituen, abestiei eta taldeari entitate gehiago emateko; azken finean, gatxa da norbaitek kontuan hartzea ezer ere ez badaukazu. Ahalegin handia izan zen, baina horrela ipini ginen hartu-emanetan Maldito Recordsegaz. Gure proposamena gustatu zitzaien eta disko osoa kaleratzeko akordioa lortu genuen. Talde handiekin lan egiten duen diskoetxea da eta bere katalogoan egoteak mapan kokatzen zaitu.
Muteden errautsetatik sortu da taldea. Zelan sortu zenuten?
Sweet Rage 2021eko urtarrilean sortu genuen, Cris gugaz batu zenean. Ruben, Dani, Edu eta laurok Mutedeko taldekide ohiak gara; taldea pandemian desagertu zen, 15 urteren ondoren, baina guk laurok ideia batzuk genituen eta lanean jarraitu genuen. Norabide finkorik barik hasi ginen eta, Cris agertu zenean, ideia zirenak benetako abesti bihurtzen hasi ziren. Crisen ahotsak sortzeko eta lan egiteko beste modu bat eman zion taldeari, doinuei askoz ere garrantzia handiagoa emanez. Hilabete batzuk geroago, Aingeru agertu zen eta taldea osatu genuen. Baxulari akademiko gaztea da. Nahiz eta talde batean esperientziarik izan ez, ezagutza handia ekarri zion taldeari proiektua martxan ipintzeko. Laburbilduz, sei pertsona elkartu ginen abestiak sortu eta proiektu bat martxan ipintzeko gogoagaz.
Mutedetik Sweet Ragera jauzia handia izan da?
Bai eta ez. Crisen ahotsagaz argi ikusi genuen jarraitu beharreko bidea. Argi genuen ahotsa izan behar dela benetako protagonista, ahotsari bere lekua utzi behar geniola beti, baina hainbeste gustatzen zaigun oinarrizko potentzia ere emanez. Oinarriak antzekoa izaten jarraitzen du, baina ahots melodikoagoa sartuta eta oihurik egin barik. Beste mundu bat dela ematen du, baina ez da hainbesterako. Bestalde, Aingeru baxuagaz gehitzeak ikuspegi zabalagoa ekarri zuen, eta armonia eta baxu lerro askoz ere aberatsagoak.
Nu metala itzultzen ari dela esango zenukete?
Hala dirudi, ezta? Jaialdi handietan geroago eta nu metal talde klasiko gehiago ikusten ari gara. Deftones, Papa Roach, Disturbed, Slipknot... Baina aberasgarriagoa da gazte talde asko 2000ko hamarkadako soinu hartara bueltatzen ari direla! Uste dut nu metala inoiz ere ez dela desagertu, baina Bring Me The Horizon-en moduko talde arrakastatsu batek Linkin Park formula berrasmatu du eta nu metala bere lekuan ipini du berriro. Oso pozik gaude honegaz. Klasikoekin gozatzen dut, baina oraindino gehiago proposamen berriekin. Harrigarriak dira!
Dagoeneko eman dituzue kontzertu batzuk. Gustura zaudete?
Kontzertuak ematea talde baten gasolina da, beharrezkoa. Konposatzea, grabatzea eta hori guzti hori asko gustatzen zaigu, baina zuzeneko emanaldiak beste kontu bat dira. Lan guztia eszenatoki batera eraman eta ume baten modura gozatu behar duzu. Publikoak ere gozatzen badu, sekulakoa! Aurten kontzertu onak ematen ibili gara Bizkaian, Santanderren eta Araban. Gipuzkoa eta Nafarroa falta zaizkigu! Udazkenerako data batzuk lotzen ahalegintzen gabiltza, baina dagoeneko bigarren diskoa prestatzen hasi gara, poliki-poliki. Zerbait suertatzen bada, ederto, baina ez gabiltza aktiboki gehiegi bilatzen. Lan egiteko tarteak ere gura ditugu.