Guztira, 160 txirrindularik parte hartuko dute, 26 taldetan banatuta. Euretariko bost euskaldunak dira: Sen-Beratxa-Iurreta, Bioracer Auribus, Nafarroa-Ermitagana, Team Zatika eta Mix Zuk-Limousin. Eta sei talde selekzioak izango dira: Alemania, AEB, Portugal, Frantzia, Belgika eta Kanada, hain zuzen ere.
Lasterketa bik osatzen dute Bizkaikoloreak. Bat zapatuan izango da, Abadiñon, eta domekan bestea, Iurretan. Zapatuko lasterketa 16:00etan hasiko da, Zelaietako Gaztañodi kalean. 65 kilometroko ibilbidean, Miotari itzuli bi emango dizkiote lehenengo. Hirugarrenean, Berrizera heltzean, Miotara barik herrigunera sartuko dira. Herria behetik gora zeharkatu, Bi-633 errepidera irten eta berriro bueltatuko dira Berrizera, Miota azkenekoz igo eta Abadiñoko helmugara zuzendu aurretik.
Domekako proba —72 km— Iurretako Andaparape kalean hasiko da, 11:00etan. Txirrindulariek Zornotza aldera joko dute. Handik Arratiara sartu eta, Murtatzako gaina gaindituta, Usansolora helduko dira. Handik Iurretara bueltatuko dira. Gero, Zaldibarreraino helduko dira eta San Trokaz, Zengotita eta Duña gainak igaroko dituzte Iurretara itzuli eta Olaburu kalean helmugaratu aurretik.
Proba biak UCI Women Junior Nations Cup izenekorako puntuagarrik izango dira.