Zer da Jano?
Jano jainko erromatar bat da, atearen jainkoa, hasieraren eta amaieraren jainkoa. Gure kasuan, ez dugu horregaitik aukeratu; Utopia telesailagaitik aukeratu dugu, izan ere, bertan oso garrantzitsua da. Gizakiaren gainbehera islatzen du, eta hortik piztu zitzaigun interesa. Telesail hau ikustera gonbidatzen zaituztegu.
Noiz eta zelan sortu zen Gorrotoa Gorroto? Ez duzue punk taldeek izaten duten formakuntza.
Taldearen sorrera konfinamenduaren testuinguruan kokatzen dugu. 2018ko amaieran eta 2019ko hasieran 'Zua' (baxua), 'Lepotxo' (bateria) eta 'Motxilo' (gitarra) Moscow Death Brigaderen bertsioa egiteko asmoagaz batzen hasi ginen. Konfinamendua heldu zen, eta gero, 'Motxilo' bateria jotzen hasi zen, eta 'Lepotxo' gitarra; hirurek bost egunean behin entseatzen zuten. 'Buru' gero hasi zen entseguetara etortzen, baxua jotzen ikasteko asmoagaz; denbora batera, 'Unzu' sartu zen taldean, ahots nagusi lez, eta gero Beñat saxoagaz; abesti batean jotzea zen hasierako asmoa, baina taldean geratu da. Beraz, baxu bi eta saxoa ditugu. Punk ikutuak ditugu, baina, egia esateko, ez dakigu zein estilo dugun; hainbat musika doinu nahasten dugu, guztiz inprobisatua guztia.
Orain artean kontzertu batzuk eman dituzue. Gustura? Gurago duzue estudioan aritu, ala zuzenean?
Hamar bat kontzertu eman ditugu; egoeraren arabera, oso desberdinak izan dira guztiak. Adibidez, horietariko bat mendian eman genuen, lagun baten omenaldia zelako; imajinatu, 4x4 ibilgailuekin mendian gora, anplifikadore eta instrumentuak igotzen; aldapan kontzertua ematea ere esperientzia zoragarria izan zen. Gertatu zaigu jendez gainezka ematea kontzertuak, eta baita ia inor ez etortzea ere. Hori bai, publikoak guk besteko ondo pasatu du, eta, beraz, orokorrean ondo pasatu dugu; bai entseguetan, bai kontzertuetan, eta baita grabazioan ere. Esperientzia polita izan da grabazioa; Almansan grabatu genuen, lagun bategaz.
Hemendik aurrera, baduzue beste kontzerturik emateko asmorik?
Orain arte diskoan zentratu gara, baina udatik aurrera kontzertu gehiago emateko asmoa dugu, bai. Prest eta gogotsu gaude. Gure kontaktua Bandcamp orrian duzue. Animatu idaztera!