Zeintzuk dira zure zeregin nagusiak?
Datorrenari harrera egitea, harrobiko dinamika azaltzea eta gura badute bisita gidatua egitea. Sare sozialak ere eramaten ditut. Instagram kontua dugu.
Gustura zabiltza gidari lanetan?
Oso gustura. Gainera, etxetik gertu egoteak eta egunean ordu biko lana izateak beste zeregin batzuk egiteko aukera ere ematen dit: baserriko lana, okindegikoa… Laster doktoretzagaz hasiko naiz eta horrek ere denbora eskatuko dit. Gero, lekua bera ikusgarria da, magikoa. Gainera, hona etorri diren bisitari guztiak oso atseginak izan dira.
Angurretara doazen bisitariei artea azaltzeak eta 'saltzeak' arte apur bat ere eskatzen du.
Bai, eta gustatzen zaidan zeregina da. Berezkoa dut. Erronka bat ere bada. Hau da, irudi figuratiboak errazagoak dira ulertzeko, baina artelanak aluminiozko xaflekin egindako poliedroak direnean, gatxagoa da jendeari artea ulertaraztea: azaltzea artelanak ez duela zertan izan esangura zehatz bat beti, edo arteari buruzko hausnarketak sortaraztea bisitariari… Motibatzen nauen lana da eta gustura egiten dut.
Zein da bisitarien profila?
Denerik dator. Ekainean 212 bisitari izan ditugu. Nahiko kopuru ona dela uste dut. Ikasturtea amaitu denetik, astegunetan familia gehiago etortzen hasi da. Argazkilari asko izan ditugu, eta behin Madrilgo galerista batzuk ere etorri ziren. Eta Durangora joandako turistak, bide batez hona datozenak: Madrilgoak, Bartzelonakoak… behin Kanadakoak ere bai. Orokorrean, asko gustatzen zaie espazio hau.
Aurrera begira, zer asmo duzu?
Gidaria izatea, bisita gidatuak egitea… asko gustatzen zaidan lana dela deskubritu dut. Durangoko Artaraz antzerki taldean ibilia naiz eta gidari izatea antzerkia egiteko beste modu bat dela uste dut. Gidoi bat ikasi behar duzu, askotariko bisitari motetara egokitu behar zara… Abaniko zabal horrek 'jolasteko' aukera ematen dizu. Ahal dudan artean gidari lanetan jarraitzea gustatuko litzaidake. Jakina, ikerketa ere gustatzen zait eta horretan ere jarraitu gura nuke.