Saharako 26 ume Durangaldera etorri dira uda elkarteen eta boluntarioen babesagaz igarotzera

Ekaitz Herrera 2023ko uzt. 13a, 13:32

Euretako 22 Río de Oro eta Hamadako Izarrak elkarteen bitartekaritzagaz etorri dira. Gaur ongietorria egin diete Durangoko udaletxean. Bestalde, Lawjad elkarteak 4 ume hartu ditu harreran. Elorrioko familiek emango diete ostatu.

Tindufeko kanpalekuetan erbesteratutako 26 ume Durangaldean daude astelehenetik. 6-9 urte bitarteko umeak dira. Uda eskualdean emango dute, bertako elkarteen eta instituzioen babesean. Río de Oro elkarteak 10 ume hartu ditu harreran. Izurtzako aterpetxean egongo dira abuztua amaitu arte, eta hainbat ekintza egitea aurreikusi dute. Hondartzara irteera, surfa, tailerrak, mendia edo akuariumari bisita. Egonaldian zehar, bidelagun izango dituzte 80 boluntario eta bi monitore saharar.

Hamadako Izarrak elkarteak, bere partetik, 12 ume hartuko ditu harreran. Urte luzez Axpeko aterpetxean egin dituzte egonaldiok, baina bertan izandako gorabeherak direla eta, elkarteko umeek Zaldibarren hartuko dute ostatu. Olazarren, hain zuzen. Garazi Etxebarria arduradunak zehaztu du 50 boluntariotik gora egongo dela monitore eta sukaldari lanetan.  Lajwad elkarteak, berriz, lau ume hartu ditu harreran. Elorrioko hainbat familia arduratuko da haiei babesa emateaz.

Harrera instituzionala

Goiz honetan, Río de Oro eta Hamadako Izarrak elkarteen bitartekaritzaz etorritako 22 ume sahararrek ongietorri instituzionala jaso dute Durangoko udaletxean. Talde politiko guztiek egin diete harrera. “Egonaldi atsegina izatea gura dugu” esan du Jesica Ruiz alkateordeak. "Nazioarteko egoera onena eta justuena ez den arren", Durangoko Udalak Saharako herriaren "alde" egiten jarraituko duela gaineratu du Ruizek. Josune Escota zinegotziak sahararrena “sufritzen dabilen herria” dela esan du. “Udalak denbora asko darama laguntza instituzionala eskaintzen. Baina alde ekonomikoan laguntzeaz harago, beharrezkoa deritzogu gatazkaren, pobreziaren eta bere lurraldean bizitzeko eskubiderik ez duen herrialde baten ikusgarritasuna lantzea”. Ekitaldiaren bukaeran, udal ordezkariek oparitxo bana eman diete umeei.

Bihar, Hamadako Izarrak elkarteak ongietorri ekitalditxoa egingo du Zaldibarren. Olazarren izango da, 18:00etan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!