“G2H proban beroak arduratzen nau apur bat; 32 gradu iragarri dituzte biharko"

Anboto 2023ko uzt. 7a, 13:21

Argazkia: Festak.com

Bere kirol ibilbidean, Eneritz Alkortak (Berriz, 1983) bigarrenez parte hartuko du Goierriko 2 Haundiak [G2H] lasterketan, gaur gauean hasita. 88 kilometrotan 6.000 metroko desnibel positiboa gainditu beharko du helmuga lehenengoz zeharkatzeko. Izan ere, iazko abentura 20. kilometroan amaitu zen. Atxondon bizi den berriztarrak erretiratu egin behar izan zuen, belauneko lesio bategaitik. 

Zorrak kitatzera zoaz?
Bai. Oso burugogorra naiz eta oso arraroa da ni lasterketa batean erretiratzea. Iazkoa barruan geratu zitzaidan, berriro ahalegintzea nerabilen buruan bueltaka, eta hemen nago.

Zelan joan da prestaketa? 
Ondo joan da. Euskal Herriko Ultra Trailen Koparen barruan, Enkarterri Extrem Trailean [62 km] eta Domusa Teknik Trailean [65 km] parte hartu nuen. Oso gustura aritu nintzen proba bietan. Ondo prestatuta noala uste dut eta proba amaitzea da helburua.

Belauneko lesioa ahaztuta dago?
Berriro minekin nabil eta iazko arazo bera da. Azken hiru hileetan entrenamendu asko daramatzat eta belauneko karga dela diote medikuek. Hamabost egunez deskantsua eman diot belaunari eta ondo etorri zaio, baina badakit min emango didana eta beldur apur bategaz noa. 

Sufritzeko prest zaude?
Tira, Ibuprofeno bategaz mina kentzea espero dut (barrez). 

Inoiz parte hartu duzun probarik luzeena da?
Ez, orain urte bi Hiru Haundiak proba egin nuen. Azken 20 kilometroetan sufritu arren gustura ibili nintzen eta amaitu nuen. Aurten berriro noa. 

Hiru Haundiak ala G2H. Zein da gogorragoa?
Goierriko 2 Haundiak gogorragoa da. Desnibel aldetik ez dute zerikusirik. Hiru Haundiak, 100 kilometroko proba bada ere, oso egingarria da; pista asko dago eta ez da oso teknikoa. Baina G2H askoz ere gogorragoa eta teknikoagoa da. Txindokiko jaitsiera, adibidez, oso teknikoa da. Orokorrean, erronka handiagoa da. 

G2H gaur gauean hasiko da, 23:00etan. Ezohiko ordura egokitzeak lana eskatzen du?
Goizago bazkaldu behar da, goizago afaldu, ondo deskantsatu… Apur bat arraroa egiten da. Niri goizean goiz esnatzea eta ohiko erritmoa hartzea gustatzen zait. Baina, tira, ez dut entrenamendu berezirik egin hori dela eta. Egun horretan badakit nora noan eta mentalizatuta noa. 

Bestelakoan, lasterketako zerbaitek bereziki kezkatzen zaitu? 
Beroak arduratzen nau gehien, zapaturako 32 gradu iragarri dituzte eta. Berorik handiena Aizkorriko igoeran eta horren ondoren tokatuko zaidala kalkulatzen dut. Ikusi egin behar erritmoa zein den. Proba 17:00etarako amaitzea itxaroten dut. 17 ordu da buruan darabildan denbora. 

Indar fisikoak besteko garrantzia du buruko indarrak? 
Bai, erdi eta erdi esango nuke, %50 bakoitzak. Alderdi mentala oso garrantzitsua da. Sarritan, bidean beste norbaitegaz joateak lagundu egiten dizu. Begira, Enkarterri Extrem Traileko lasterketaren erdia baino gehiago frantziar bategaz egin nuen. Nik ez dakit frantsesez, eta berak ez zekien gaztelaniaz. Baina elkarregaz joateak lagundu egin zigun. Momentu batean jausi egin nintzen eta itxaron egin zidan. Hurrengo, berak ezin zuen motxila zabaldu eta lagundu egin nion. Elkarregaz sartu ginen helmugara. 

Beste une batzuetan, beharbada, gurago duzu bakarrik joan. Nik, badaezpada, aurikularrak eramaten ditut beti motxilan, musika entzuteko, baina, egia esan, oraindino sekula ere ez ditut erabili proba luze batean. 

Aurikularrez gainera, zer ez da sekula falta Eneritz Alkortaren motxilan?
Gauza batzuk derrigorrezkoak dira: galtza elastikoak, anoraka, manta termikoa, frontal bi, txilibitua, atzeko argi gorria, benda, geolokalizatzailea, ura eta mugikorra. Hortik aparte, aurikularrak eta elikagaiak eramaten ditut, gelak eta abar. Elikagaiena entrenatu beharra dago. Geletan, adibidez: zaporeak, gel motak… lelokeria bat dirudi, baina gorputza horietara ohitu behar duzu entrenamenduetan, tripei kalterik ez eragiteko. Lasterketetan ez da gel berririk probatu behar. Oso arraroa da anoa guneetan normalean hartzen ez duzun gel bat hartzea. 

G2H Ehunmilak probaren neba edo arreba txikia dela esan daiteke. Aurten helburua betetzen baduzu, Ehunmilak-en bila joango zara?
Bai. Horixe da nire azken jomuga. Urrian Hiru Haundiak gustura amaitzen badut, hurrengo erronka Ehunmilak izango da. Baina oraindino ez nago mentalizatuta. Egin gura dut, baina etorriko da etorri beharrekoa.

Burugogorra zarela aipatu duzu. Zeintzuk dira burugogorra izatearen abantailak eta desabantailak?Abantaila bat da nekeak jota egon arren, gorputzari buelta eman eta aurrera jarraitzeko indarra aurkitzen duzula. Desabantaila, norbere mugak sarritan aurkitzen direla.

Durango Kirol Taldeagaz ibiltzen zara kroseko probetan. Lasterketa luzeagoetarako prestaketan laguntzen dizu?
Ez bereziki. Hiru Haundiak probaren segidan hasten da kros denboraldia, eta aldaketa latza da. Taldekako probetan puntuak lortzeko, beteranoak behar zituzten. Taldera batzea proposatu zidaten eta horregaitik hasi nintzen Durango Kirol Taldean. Oso ondo pasatzen dut taldekideekin. Batzuetan atletismoan ere aritzen naiz. Orain aste batzuk, 800 metroko proba batean parte hartzea egokitu zitzaidan. Durangoko atletismo pistan izan zen, kluben arteko Bizkaiko txapelketan.

Eta zelan joan zen?
Ba, oso ondo irten zitzaidan. Minutu bi eta 40 segundoan egin nuen. Erlojuari begiratu ere ez nion egin; topera irten eta amaitu arte! Harritu egin nintzen denboragaz. Beste behin, 400 metroko errelebo proba batean parte hartu nuen. 

Beharbada, lasterketa luzeak barik laburrak dira zureak, Eneritz!
Ez, ez (barrez), ni oso diesela naiz. Hobeto luzeetan. Baina taldeari laguntzeko aukera badut, bada, gustura aritzen naiz.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!