Txiki Itzulia, umeentzako Frantziako Tour partikularra Berrizen, Zornotzan eta Zaldibarren

Anboto 2023ko uzt. 6a, 19:00

Umeen proba bateko irudia (SD Amorebieta)

Bihartik domekara etapa bana egongo da hiru herrietan.

Eskualdeko txirrindulari gazteek euren Frantziako Tour partikularrean parte hartzeko aukera izango dute datozen egunetan. Berrizko, Zaldibarko eta Zornotzako txirrindularitza elkarteek, Bizkaiko federazioarekin batera, Txiki Itzulia antolatu dute barikutik domekara. Hiru egunetan segidan egongo dira lasterketak: barikuan, Berrizen; zapatuan, Zornotzan eta domekan, Zaldibarren. Benjamin eta kimu mailako umeek eta haur-kategoriakoek parte hartuko dute.

"Orain arte elkarte bakoitzak bere lasterketa propioak antolatzen zituen bere herrian. Aurten indarrak batu eta umeentzako erakargarria izango dela espero dugun itzuli bat antolatzea erabaki dugu" adierazi du SC Amorebieta taldeko Edu Amorebietak.

Hiru etapak

Biharko lehenengo etapa kronoigoera bat da, Berrizko belodromoaren inguruan. 160 bat umek parte hartuko dute eta lehenengo txirrindulariak 15:30ean irtengo dira. Sari banaketa 18:30ean egingo dute.

Zapatuko bigarren etapa Zornotzan izango da. Txirrindulari gazteak 10:30ean irtengo dira osasun zentroaren ondotik eta zirkuitu bati itzuliak emango dizkiote. Sari banaketa ekitaldia 13:30ean egingo dute.

Domekako hirugarren eta azken etapa Zaldibarren da, industrigunearen inguruko bideetan. Lasterketa 10:30ean hasiko da eta sari banaketa 13:30ean egingo dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!