Durangon eta Zornotzan pertsona bana atxilotu dituzte droga trafikoagaz lotutako operazio batean

Anboto 2023ko uzt. 5a, 14:05
(Argazkiak: Guardia Zibila)

Guardia Zibilak, Europol-ekin eta Portugalgo eta Brasilgo poliziekin lankidetzan, aldian-aldian Europara "kokaina kantitate handiak" bidaltzen zituen nazioarteko sare kriminala desegin du. Guztira 24 pertsona atxilotu dituzte operazioaren barruan, euretako bi Durangon eta Zornotzan, Guardia Zibileko iturrien arabera.

Droga trafikatzeko sare "konplexua" zuten. Hego Amerikatik heldutako droga Malagan gordetzen zuten lehenengo. Ondoren, ibilgailuetan gordeta, Euskal Herrira eta Kantabriara eramaten zuten, handik Europako beste herrialde batzuetara banatzeko.

2022ko ekainean Portugalgo poliziak hiru pertsona atxilotu zituen Portugalgo Sine portuko edukiontzi batean 320 kilo kokaina aurkitu ostean. Ondoren, urrian, 250 polizia-agentek elkarlanean aurrera eramandako operazioan, 22 etxebizitza erregistratu zituzten Brasilgo Belem herrian eta zazpi pertsona atxilotu zituzten.

Bigarren operazio handia 2023ko maiatzean gertatu zen. Kasu horretan, 360 agentek Malaga, Kordoba, Madril, Bizkaia, Kantabria eta Portugalgo 24 toki erregistratu zituzten elkarlanean eta 17 pertsona atxilotu ziren.

'Terminus' izena hartu duen operazioan 24 lagun atxilotu eta 803 kilo kokaina atzeman dituzte orotara. Baita 1,7 kilo metanfetamina, 60 kilo haxix, 116.680 euro eta 5 arma semi-automatiko ere, besteak beste.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!