Euskal Herriko errepide bazterrak ikurrinaz betetzea: horixe du helburu erabakitzeko eskubidearen aldeko Gure Esku elkarteak Tourreko euskal etapei begira. Astelehenean Zornotzan hasiko den etapan postu bat jarriko du osasun zentroaren ondoan, 10:00etan. Bertan makiladun ikurrinak banatuko dituzte, dohainik. Ondoren, etapa abiatu ostean, hantxe bertan entregatu ahalko dira berriro. San Miguel kalea ikurrinaz betetzea dute helburu.
Abadiñon aurreko egunetan eskuratu daitezke ikurrinak (5 eurotan) Abadiñoko Gure Eskuren bidez. Gaur —ekainak 30— Zelaietako Txanporta plazan egongo dira, 18:30etik 20:00etara. Domekan, Traña-Matienako Oxford tabernaren ondoan jarriko dute postua, 12:30etik 14:00etara. Astelehenean, lasterketaren egunean, ere jarriko dute postua.
Durangon, Tabirako jaiak direla aprobetxatuz, Durangoko Gure Eskuk postu bat jarriko du bertan. Zapatuan, 11:30etik aurrera egongo dira Tabiran.