Tourra Durangaldean

Zein murrizketa ezarri dituzte Durangaldean Tourraren eraginez?

Anboto 2023ko eka. 27a, 17:26

Kirolaren ikuspuntutik Tourra jai handia izango den arren, adi egotea aholkatu dute lasterketaren eraginez egongo diren murrizketak direla eta. Herririk herri, hauetxek dira eskualdean iragarri dituzten neurriak gaurtik hasita astelehenera arte.

Zornotza

Frantziako Tourreko hirugarren etapa Zornotzatik hasiko dela eta, zirkulazioa eten egingo dute 06:00etatik 14:00etara kale hauetan:

  • Gudari kalea, Txiki Otaegi kaleko bidegurutzetik.
  • Ibaizabal, aparkalekua barne.
  • Nafarroa, aparkaleku biak barne.
  • Azoka.
  • Jauregibarria.
  • Belatxikieta.
  • Bizkargi.
  • Enrike Renteria, 10. zenbakiko garajeen sarreraraino

Era berean, logistika osoa ahalbidetzeko asmoz, beharrezkoa izango da kale horiek ibilgailurik barik egotea. Hori dela eta, uztailaren 1eko 22:00etatik aurrera ibilgailuak kaleotatik erretiratzea eskatu die udalak zornotzarrei. Tourreko ibilbideari dagokionez, uztailaren 3ko lasterketa Gure Kirolak ingurutik hasiko da. San Migel kalera egingo du gero, handik Karmen kalea zeharkatuko du eta N-635 errepidera batuko da gero. Azkenik, errepide honetatik N-634ra irtengo dira txirrindulariak, eta handik Iurretarantz joko dute.
 

Iurreta

Tourrak eragin handia izango du Iurretako zirkulazioan. N-634 errepideko (Zornotza-Mallabiena) eta Maspe kaleko ibilgailuen zirkulazioa guztiz moztuko dute, 09:00etatik aurrera. Garajeetara ere ezingo da sartu, ezta handik irten ere. Eta ez da autobus zerbitzurik egongo 09:00etatik 15:00etara.

Uztailaren 1etik aurrera ezin izango da ibilgailurik aparkatu Maspe kalean, ezta probako pasabidearen ondoko eremuetan ere.

Durango

Uztailaren 3an, Durangoko trafikoa goitik behera moztuko dute lasterketak igaroko dituen Fray Juan Zumarraga, Landako, Olleria eta Faustebide kaleetan. Mozketa horiek 09:00etatik 14:30era arte (azken hau gutxi gorabehera) egongo dira indarrean.

Aparkaleku publiko bi (TADUkoa eta Landako Gunearen azpikoa) eta lasterketak igarotzen dituen kaleetako garaje partikularrak ez dira erabilgarri egongo. Txibitena auzoa zarratu egingo dute uztailaren 3an, 9:00etatik aurrera. Ezingo da ez bertara sartu, ez bertatik irten.

Muruetatorre auzoko bideak noranzkoa aldatuko du, N-634 errepidera irten ahal izateko.
Ibilbidera daramaten inguruko kaleen zirkulazioa zarratzea aurreikusi dute. Bilborantz edo Donostiarantz joateko autobidea erabilgarri egongo da Iurretako ordainlekuan eta Atxondoko saihesbidean.Antolatzaileek azaldu dutenez, debekatuta egongo da adierazitako ibilbide osoan autoak aparkatuta egotea. Horrek noranzko biei eragingo die.

Debeku hori ekainaren 26tik uztailaren 3ra arte egongo da indarrean. Era berean, debekatuta egongo da Gasteiz Bidean aparkatzea (biribilgunearen eta Gran Hotelaren artean), ekainaren 26tik uztailaren 3ra. Frantziako Tourreko antolakuntza eta azpiegituretako ibilgailuak egongo dira neurri horretatik salbuetsita.
 
TAO zerbitzua
 
Aparkaleku alternatiboak eskaintzeko helburuagaz, TAO zerbitzua eten egingo da ekainaren 29tik uztailaren 3ra (biak barne).
 
Garraio publikoan eragina
 
Uztailaren 3an, Madalenako autobus geltokia Tabirara (Arriluzea) lekualdatuko dute. Autobus zerbitzuak bertara eramango dituzte. Bilbo-Galdakaoko ospitalea-Lemoa-Durango-Ermua-Eibar ibilbidea egiten duen A-3912 linea bertan behera utziko dute Durango eta Abadiño artean. Azken hau Lemoatik joango da zuzenean autobidera.

EuskoTren zerbitzua indartuko dute. Egun horietan erabiltzea gomendatu dute agintariek.
 
Mediku hitzorduak Landakon
 
Landako anbulatorioa Tourraren ibilbide barruan dagoenez, uztailaren 3ko astelehen goizean oinez baino ezingo da joan bertara.


 

Abadiño

Aurreikuspenen arabera, lasterketa 13:25 aldera pasatuko da Traña-Matienatik. Lasterketa Arzubiatik sartu, Zubibitarte eta Laubideta kaleetatik igaro eta Hostal San Blaseko biribilgunetik Trabakuko mendaterantz joango da.

Lasterketaren aurretik doan publizitate karabana txirrindulariek egingo duten ibilbide beretik pasatuko da, lasterketa bera baino ordu bi lehenago.

Abadiñoko Udaletik jakinarazi dute Tourrak eragina izango duela trafikoan, eta 9:00etatik 14:00etara errepidea moztuta egongo dela. Zubitarte eta Laubideta kaleko aparkalekuak uztailaren 1eko 14:00ak arte libre egon beharko direla ere jakinarazi dute.

Berriz

Aurreikuspenen arabera, Tourra 13:25 inguru sartuko da berrizen, publizitate karabana, ostera, bi ordu lehenago, hau da, 11:26ean hasiko da. Trafiko mozketak 09:45ean hasiko dira eta 14:30ak arte iraungo dute, ondorioz, N-634 errepidea itxita egongo da Gestamp inguruetatik Durangora bitartean; Bi-633 errepidea (Markina-Ondarroa) erabat itxita egongo da.

Horrez gainera, Berrizko Udaletik gogoratu dute lasterketako errepideak erabat hutsik egon beharko duela, eta ezingo dela bide ertzean ibilgailurik aparkatu. 

Garai

Garaiko Udalak honako gomendio hauek eman dizkie herritarrei:

  • Ahal den neurrian goiz horretan ibilgailuen erabilera ekiditea.
  • Bilborako edo Donostiarako norabidean joan behar izanez gero, egin honela: Goiuritik / Urienetik / Milikuatik Iurretara eta handik, N-634 errepidean aurrera eginda autopista hartu beharko da Iurretan.
  • Durangora joan behar izanez gero, Goiuritik / Urienetik / Milikuatik Iurretara eta Lidl supermerkatuaren parean dagoen biribilgunetik saihesbidea hartu beharko du. Ibilbide bera egin beharko du Urkiolara joan gura duenak.
  • Berrizera joan behar izanez gero, Sarriatik edo Eituatik joan beharko da, betiere joatea behar-beharrezkoa bada.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!