2007tik, Gerediaga Elkarteak Astola aldizkaria kaleratu du, Durangaldeko historia eta ikerketa lanak jasotzen dituen aldizkaria; 16 ale kaleratu dituzte, eta horietako batzuk entzuteko formatura moldatu dituzte, hau da, podcast formatura. Zazpi dira formatura egokitutako ikerketa lanak, eta elkartearen webgunean daude entzungai: Iurretako Santa Apolonian lur hartu zuen hegazkinari buruzko pasartearena, Anboto Damari buruzko teoria ezberdinena, eta Mikeldiko txerriari buruzko misterioarena dira moldatutako podcastak, besteak beste.
Durangaldeko zazpi lagun ezagunek jarri dute ahotsa podcastetarako: Felix Arkarazok, Tere Eguzkizak, Maite Berriozabalek, Maite Lopezek, Iñaki Guridik, Andoni Aizpuruk eta Esti Gonzalezek; sarreretako ahotsak grabatzeaz Bizkaia Irratiko Miren Ezkurra arduratu da. Alde teknikoari dagokionez, Liher Larrañaga elorriarrak egin du edizio lana; grabazio lanak Durango Irratiaren estudioetan, eta Berrizko Lorentzo Records estudioetan egin dira. Zazpi saio hauen ekoizpenerako Durangaleko Amankomunazgoak, Durangoko Udalak eta Garaiko Udalak lagundu dute.