Aitor Ajuria eta Oihana Azkorbebeitia gautxoririk bizkorrenak Gabez Takarraran mendi lasterketan

Anboto 2023ko eka. 11a, 09:46

David Rua korrilari elorriarra bigarren sailkatu zen.

Urtero-urtero Gabez Takarraran mendi lasterketa jokatzen da Eskoriatza herrian (Gipuzkoa). Aurtengoa XI. edizioa izan da eta urtero legez giro berezia sortu da herrian. Berez, lasterketako datu teknikoei erreparatuta, probak ez du aparteko berezitasunik; 25 kilometro eta 1.200 metroko desnibel positiboa dituen proba da. Kontua da korrikalariek gauez egiten dutela ibilbide osoa, 22:00etan hasita, eta horrek egiten du berezi lasterketa hau. Horregaitik bataiatu zuten horrela antolatzaileek: Gabez Takarraran.

Irteera orduan giro bikaina zegoen Eskoriatzako plazan, ordu horretan jende asko zebilen-eta taberna inguruetan. Plazan baturiko jende horren txalo artean ekin zioten korrikalariek lasterketari, frontalak isiotuta.

Lasterketa bizi-bizi hasi zen eta Durangaldeko korrikalari bik laster hartu zuten aurrea: Aitor Ajuria otxandiarrak eta David Rua elorriarrak. Asensio mendia igo eta jaitsi ostean, Eskoriatzatik elkarregaz pasatu ziren biak, hamargarren kilometroan, jendez beteriko hasiera-helmuga puntutik. Euren atzetik, eskualdeko beste korrikalari bat pasatu zen, Oihana Azkorbebeitia abadiñarra, eta bere atzetik, lasterrera, lasterketako hirugarren mutila.

Aitzorrotz (edo Atxorrotx) mendia (738 m.) igo behar zuten hurrengo, eta mendi tontorrean dagoen Santi Kurutze izeneko ermitaren ondotik Ajuria bakarrik igaro zen, alde politagaz ordurako. Makatz Gain mendia ere ziztu bizian igo eta bakar-bakarrik helmugaratu zen, lehenengo postuan, kronometroa 1.48.04 denboran geratuta. Zortzi minutu pasatxora Rua ailegatu zen, bigarren (1.56.39). Eta hogei minutu pasatxora, hirugarren sailkapen orokorrean, lehenengo emakumea: Oihana Azkorbebeitia (2.11.31). Irati Larrañaga korrikalari usurbildarra sailkatu zen bigarren emakumeetan, (2.18.15), eta Oihana Aragonés aretxabaletarrak osatu zuen emakumeen podiuma (2.25.40). Gizonetan, Iñaki Uribe Etxebarria eskoriatzarra sailkatu zen hirugarren (2.12.41).

Mendi lasterketaz gainera, mendi martxa ere egon zen. Martxan parte hartu zuten laurogeitaka mendizaleek 20:00etan ekin zioten probari. Lasterketakoen ibilbide bera osatu zuten.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!