Udal eta foru hauteskundeak

Kanpaina amaierak domekako emaitzetara begira jarri ditu alderdi guztiak

Anboto 2023ko mai. 26a, 21:00

Intentsitate handiko aste bi izan dira. Alderdi guztiak buru-belarri murgildu dira hauteskunde kanpainan. Ohiko kanpainetako buzoneoa, megafonia, mitinak, aurkezpenak, prentsa deialdiak... Baina 2023ko udal eta foru hauteskundeek berezitasunen bat izan badute, alderdiek komunikazio arloan egin duten ahalegina izan da. Sare sozialetan beste gudu zelai bat aurkitu dute.

 

Maiatzaren 28ko gauean jakingo dira udal eta foru hauteskundeetako emaitzak. Kasu askotan, berehala jakingo da udal gobernuetara nortzuk helduko diren hurrengo lau urteetarako. Beste kasu batzuetan, ostera, zein aliantza egiteko aukera dagoen jakingo da. Hori guzti hori anboto.org webgunean zuzenean jarraitu ahal izango da. Gainera, Tokikomeko hedabideekin batera landuriko tresna bati eskerrak, datu ofizialak momentuan bertan agertuko dira ANBOTOren atarian. Arretaz jarraitu ahal izango dira Durangaldeko hamahiru herrietako emaitzak. Izan ere, ikusteko dago zer gertatuko den Durangon: EH Bilduk gobernuan jarraitu ahal izango du Podemos eta Herriaren Eskubidea banatuta? PPk ordezkaritza berreskuratuko du? EAJk aurreko legegintzaldian galdurikoa berreskuratuko du?


Bestalde, Abadiñon ere lehia bizia izango da. Abadiñoko Independienteen alderdia deseginda, Jose Luis Navarro berriro eszenatoki politikora azaldu da Abadiñoko Independente Berriak alderdiagaz. Eta Independienteetan zeuden Javi Crespo eta Patxo Campo alderdi sozialistaren zerrendan daude. Podemos ere aurkeztu da oraingoan.


Gainerako herrietan ere ikusmina dago zein alderdi nagusituko den jakiteko. Herri txikietan boto apur batzuek baldintzatu dezakete emaitza.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!