Eskola elikadura

[ARGAZKI GALERIA] Tupperware hutsekin protestan, eskoletan sukaldeak ipintzea eskatzeko

Ekaitz Herrera 2023ko mai. 23a, 17:45

Durangaldeko hainbat ikastetxetako umeak tupperware hutsekin joan dira gaur eskolara. Ekintza sinboliko hori egin dute jangeletan sukaldeak ipini daitezen eskatzeko.

Berton Bertokoa dinamikak eta hainbat herritako Ikasleen Gurasoen Elkarteek (IGE) deialdi bat zabaldu zuten duela egun gutxi: gaur, maiatzaren 23an, seme-alabak eskolara tupperware hutsekin bidaltzea. Ekintza sinboliko hori baliatu gura izan dute eskari bi egiteko. Bat: eskoletako jangeletan sukaldeak ipintzea eskatzea. Eta bi: Hezkuntza Sailari erantzun bat eskatzea, sukaldea kudeatzeko helarazi zieten proposamenaren harira. "Eskoletako jangelak catering enpresen beharrik gabe kudeatzea ahalbidetuko omen duen eredu berriaren zain jarraitzen dugu, bien bitartean ezer egin ezinik", azaldu dute Berton Bertokoak eta hainbat IGEk.

Eragile bi horien arabera, honako hau da eskoletako egoera: "Juan Orobiogoitia institutuan (Iurreta), pandemiaren ondorioz, sukaldea jartzeari ezezkoa eman zioten; Traña-Matienan (Abadiño), erantzuna ezezkoa izan da, eredua aldatzear dagoen aitzakia ipinita; Zabalarra eskola publikoan (Durango) aurten ere ez dituzte sukaldea jartzeko obrak martxan jarriko; Atxondon, obrak egiteko aukeratu den enpresa bajan eman dutenez, bigarren enpresa batek egingo duela albisteetan irakurri dugu, baina eskolan ez dago berri ofizialik".

Gaurko protestan eskola publiko hauetako IGEek parte hartu dute: Atxondo, Zelaieta (Abadiño), Maiztegi (Iurreta), Zaldibar, Juan Orobiogoitia (Iurreta), Traña-Matiena (Abadiño), Berriz, Zabalarra (Durango) eta Elorrio.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!