[BIDEOA]: Pentsiodunen martxa Durangaldea zeharkatzen dabil orduotan

Ekaitz Herrera 2023ko mai. 23a, 11:47

Gaua Zornotzan igaro ostean, goiz honetan Iurretan sartu dira ibiltariak. Iurretako eta Durangoko pentsiodunek bat egin dute martxarekin. Oraintsu, Urkiolarako bidea hartu dute.

Euskal Herriko pentsiodunen mugimendua lau eguneko ibilaldia egiten dabil pentsioen gutxieneko kopurua 1080 euroan ezarri dadin eskatzeko. Horretarako ibilaldi aldarrikatzaile bat egiten dabiltza. Bilbotik irten zuten  atzo, oinez, eta Gasteizera ailegatuko dira, oinez, eguenean. Martxa atzo sartu zen Durangaldean. Pentsiodunak arratsaldean ailegatu ziren Zornotzara. Ibiltariek han igaro dute gaua, eta, gaur, goiza esnatzearekin batera, Iurretarako bidea hartu dute. Han izan dituzte zain, 10:30ak aldera, Iurretako pentsiodunak. Txalo zaparrada batekin hartu dituzte iritsi berriak. Durangoko pentsiodunak ere berehala batu dira martxara, Iurretaren eta Durangoren arteko mugan, hain zuzen. Gero, denek batera Durangoko udal plazara egin dute. Ekitalditxoa egin dute han. Momentu honetan, pentsiodunen martxa Urkiolara bidean da. Han pasako dute gaua. Otxandiorantz abiatuko dira bihar, eta handik Arabako lurretara. 

Aldarrikapen ugari

Pentsiodunen aldarrikapenik entzutetsuena 1080 euroko gutxieneko pentsioa lortzea den arren, eskarien artean gehiago ere badago. “2011ko eta 2013ko pentsio erreformak indargabetu, lan erreforma indargabetu, gutxieneko soldata minimoa 1.200 euroan ipini, pobretze energetikoa erauzi eta aurre-jubilazioa ez zigortzea” gura dute.

Egunotako martxa Gasteizen amaituko da eguenean. Bergaratik irtendako beste martxa batek ere bat egingo du Arabako hiriburuan. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!