Eskola elikadura

Umeak tupperware hutsekin eramango dituzte eskolara, sukaldeak ipintzeko atzerapenen protesta modura

Ekaitz Herrera 2023ko mai. 19a, 17:38

Berton Bertokoa dinamikako kideek protestara deitu dute eskualdeko hainbat eskola publikotan sukaldeak ipintzeko atzerapenak direla eta. Maiatzaren 23an tupperware hutsekin, edo koilara soil batekin eramango dituzte umeak eskolara. 

Dinamikako kideek "erantzun bateratua" ematera deitu dituzte familiak eta umeak. Maiatzaren 23an, martitzenean, seme-alabak eskolara tupperware hutsekin, edo koilara batekin, edo sardexka batekin, eramatera deitu dute. Sukaldea duten Durangaldeko zortzi eskolek zerbitzua beste era batera kudeatu ahal izateko eskaria egin zuten duela urte bi, eta oraingoz "inongo erantzunik" jaso ez dutela diote: "Eskoletako jangelak catering enpresen beharrik gabe kudeatzea ahalbidetuko omen duen eredu berriaren zain jarraitzen dugu, bien bitartean ezer egin ezinik".

Berton Bertokoak eskolatako azken orduko gorabeheren errepasoa egin du: "Juan Orobiogoitia institutuan (Iurreta), pandemiaren ondorioz, sukaldea jartzeari ezezkoa eman zioten; Traña-Matienan (Abadiño), erantzuna ezezkoa izan da, eredua aldatzear dagoen aitzakia ipinita; Zabalarra eskola publikoan (Durango) aurten ere ez dituzte sukaldea jartzeko obrak martxan jarriko; Atxondon, obrak egiteko aukeratu den enpresa bajan eman dutenez, bigarren enpresa batek egingo duela albisteetan irakurri dugu, baina eskolan ez dago berri ofizialik".

Egoera horren aurrean, "erantzun bateratu bat" ematera deitu du Berton Bertokoak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!