Martitzenean Orion (Gipuzkoa) izandako hilketa matxista salatzeko protestak egin dituzte iluntze honetan, Durangon, Elorrion eta Iurretan. Durangon manifestazioa egin dute Andra Maritik hasita. Elorrion kontzentrazioa egin dute, plazan. Eta beste horrenbeste Iurretan.
Gizonezko batek bere bikotekide ohia izandako emakumea hil zuen martitzen arratsaldean, tiroz. Gertakariak samina eta haserrea piztu ditu euskal gizartean. Orioko herritarrak, adibidez, kalera irten ziren hilketa matxista gaitzestera. Herriko plaza txiki utzi zuten. Mugimendu feministak “egiturazko indarkeria matxista” salatu zuen protesta hartan. Ertzaintza gertaturikoa ikertzen dabil.
Urtea hasi zenetik, Oriokoa da Euskal Herrian gertaturiko lehenengo hilketa matxista.