Asteartean, gizonezko batek bere bikotekide ohia zen emakumea hil zuen Orion, kalean. Ertzaintza gertaturikoa ikertzen dabil, hilketa matxista modura. Atzo, Orioko herritarrek protesta egin zuten herriko enparantzan. Plaza txiki utzi zuten. Bertako Karkara hedabideak jaso duenez, mugimendu feministako kideek "shock egoeran" zeudela adierazi zuten. "Indarkeria matxistak dramaren kapitulu latza utzi digu herrian. Askotan etxeetan gertatzen dena martitzenean kalean lehertu zen, baina egiturazko indarkeria matxista dago azpian", azaldu zuen mugimendu feministako kide batek. Informazio osoa karkara.eus atarian irakurri daiteke.
Durangaldean ere protestara irtengo dute gaur, Orioko hilketa matxista salatzeko. Durangon manifestazioa egingo dute 20:00etan, Andra Maritik hasita. Elorrion, berriz, kontzentrazioa egingo dute, 19:00etan, herriko plazan. Elorrioko Udaleko bozeramaileen batzordeak ere hilketa matxista gaitzetsi du. Bat egin dute mugimendu feministak deituriko elkarretaratzeekin. Iurretan ere elkarretaratzea egingo dute. Herritarrak 20:00etan batuko dira Askondon.