Durangaldeko hainbat triatloilari bikain aritu dira Espainiako txapelketan

Anboto 2023ko mai. 16a, 09:43
Eskualdeko hainbat ordezkari dominekin. (Argazkia: Indarpak)

Joan zen asteburuan Gironako Platja d'Aro herrian lehiatu ziren txapelketak, triatloiko hainbat modalitatetan.

Zapatuan distantzia osoko eta distantzia erdiko txapelketak izan ziren; domekan, berriz, gravel distantzia erdikoa eta gravel distantzia olinpikokoa.

Distantzia osoan Alex Unzuetak parte hartu zuen eta berriztarrak 12. postu bikain bat lortu zuen. Unzuetak 9:32:23ko denboran burutu zituen igeriketako 3800 metroak, bizikletako 180 kilometroak eta korrikako 42 kilometroak. 

Bestalde, Indarpak taldeko Uxuri Aguirreazaldegui lehenengo sailkatu zen bere adin tartean distantzia erdian eta Dalda Baraiazarrak beste hainbeste lortu zuen gravel olinpikoan. Talde bereko Jorge Rodriguez, berriz, bigarren geratu zen bere kategorian gravel olinpikoan eta 14. sailkapen orokorrean.

Mugarra Triatloi Taldeko Gorka Garitaonandiak bere adin tarteko lasterketa irabazi zuen distantzia erdian eta Telmo Barrutia durangarrak beste hainbeste lortu zuen bere adin tartean.

Azkenik, Maider Ramos iurrretarra bigarren tokian sailkatu zen bere kategorian eta distantzia erdiko lasterketan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!