Eskualdeko hainbat pilotarik GRABNI txapelketa irabazi dute

Anboto 2023ko mai. 11a, 09:58

Federazioen arteko GRABNI txapelketa jokatu dute Bizkaia ordezkatuz.

Joan zen asteburuan 61 final jokatu zituzten askotariko modalitateetan eta eskualdeko hainbat pilotari nabarmendu ziren. Ainhoa Ruiz de Infante txapeldun geratu zen nagusien mailako buruz buruzkoan. Otxandiarrak 22-14 menderatu zuen Gipuzkoako Zabala Gasteizko Ogeta pilotalekuan. Txapela jantzi zuen beste bat Helena Barrenetxea da. 22 urtez azpiko finalean, zestalari durangarra 25-7 nagusitu zitzaion Arabako Laia Zabalari buru buru, Gasteizko Olave pilotalekuan. June Urrutikoetxea durangarra, berriz, azpitxapeldun geratu zen 22 urtez azpiko buruz burukoan. Aurkari gogorra zuen, Leire Garai, eta gainera eskuetako arazoak izan zituen.

Gizonetan, trinketean heldu ziren txapelak. Asier Aspuruk 40-25 menderatu zuen Nafarroako Haritz Tabar nagusien buruz burukoan txapela eskuratzeko. Partidu erdira arte lehia estua mantendu zuten pilotari biek, baina ordutik aurrera gehiago izan zen abadiñarra. Gazte mailan Koldo Bikandi abadiñarrak jantzi zuen txapela Nafarroako I.Sagardia 35-9 menderatuta. Garaipenekin amaitzeko, Ibai Arroitajauregi iurretarrak eta David Alonso zornotzarrak 40-28 irabazi zuten gazte mailako finala Gipuzkoako Cestau-Urdanpileta bikotearen aurka. Iker Eskamez abadiñarra, aldiz, azpitxapeldun geratu zen 22 urtez azpikoan. Pena izan zen tanto bakarraren aldeagaz galdu zuelako Nafarroako A.Murilloren aurka: 40-39. Final horiek guztiak Gasteizko Astronomos trinketean jokatu ziren.

Ainhoa Ruiz de Infante txapelarekin.

Helena Barrenetxea txapelarekin.

June Urrutikoetxea azpitxapeldun geratu zen.

Goian, ezkerretik hasita: Eneko Uribe hautatzailea, David Alonso eta Iker Eskamez. Behean, ezkerretik hasita: Koldo Bikandi, Ibai Arroitajauregi eta Asier Aspuru.

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!