Laugarren denboraldia du talde honetan. Oraindik oso gaztea den arren, taldeko betaranoetakoa da Alex Diaz, Beñat Onaindia eta aurtengo fitxaketetako bat den Erik Martorell-ekin batera. Lau hauek izango dira, hain zuzen, taldearen pisurik handiena eramango duten txirrindulariak. Iaz osasun arazoak izan zituen 21 urteko zornotzarrak, baina horiek erabat gaindituta daudela dio.
Iazko osasun arazoak ahaztuta daude?
Bai, ahaztuta daude. Pertsonalki urte zaila izan zen. Osasun arazoekin ibili nintzen ekain-uztail ingurura arte. Hilabete eta erdian ez nuen lasterketarik lehiatu. Uztailetik aurrera hobeto aurkitu nintzen eta abuztuan lasterketa on batzuk egitea lortu nuen. Denboraldi amaiera positiboa izan zen, baina hasieran asko kostatu zitzaidan eta ezin izan nion taldeari nahi beste lagundu.
Zein zen arazoa?
Gorputza nekatuta nabaritzen nuen. Analisi klinikoen emaitzak oso justuak ziren eta ez genekien zergaitik zen. Baina konponbidea aurkitu genuen eta iazko arazoak ahaztuta ditut.
Oraintsu 23 urtez azpiko Lieja-Bastogne-Lieja klasikoan —UCI mailakoa— eta Ardenetako Challenge-ean aritu zarete. Zelan joan dira?
Aurten ez dugu garaipenik oraindik, baina nahiko ondo hasi gara. Gero eta taldekide gehiago gabiltza aurreneko hogeien artean borrokan. Liejan, Alex Diazek onenen taldean amaitzea lortu zuen.
Arlo pertsonalean zelan hasi duzu denboraldia?
Pozik nago. Ardenetako Challenge-eko lehenengo etapa zortzigarren amaitzea lortu nuen eta sailkapen orokorrean hogei onenen artean geratu nintzen. Erritmoa hartzea apur bat kostatu zait, baina banabil apurka-apurka hartzen eta aurrera begira gogotsu nago.
Atzerriko lasterketetan asko ikasten da?
Lasterketak hemen planteatzen diren modua eta hangoa erabat diferenteak dira. Maila askoz handiagoko txirrindulariak daude, talde profesionaletako azpiegiturak dituzte. Ibilbideak desberdinak dira: errepide estuak, denbora osoan maldan gora eta behera, ezustekoak edozein unetan… askoz tentsio handiagoa egoten da eta adi egon behar duzu lasterketa osoan. Lehiatzeko beste modu bat da. Seguruenik hemen urtebetean ez duzu Belgikan edo atzerrian urtebetean ikasten duzuna ikasteko.
Taldeko arduradunek diote aurten taldeko erreferenteetako bat zarela. Zigilu horren presio erantsia nabaritzen duzu?
Aurrerapausoak emateko gogoa eta asmoa beti dago. Nire buruarekin zorrotza naiz eta beti onena ematea gustatzen zait. Taldeko gazteei laguntzea ere ilusionantea da niretzat. Lau urte daramatzat hemen eta badut esperientzia apur bat.
Zelan definituko zenuke zeure burua txirrindulari lez?
Ez naiz nabarmentzen arlo berezi batean. Orokorrean konpletoa naizela esango nuke. Lasterketa exigenteak gustatzen zaizkit, abiadura handian eta topera joaten diren horiek. Denbora luzean intentsitate handiari eusteko dohaia dut eta horrelako lasterketetan ondo aurkitzen naiz.
Zeintzuk izango dira zure hurrengo lasterketak?
Zapatuan Lazkaoko proban ariko naiz eta astelehenean Espainiako Kopako Santikutz klasikoan. Maiatzaren 7an Natxituan dugu lasterketa bat. Ondoren, pare bat astean lehiatu barik egoteko asmoa dut errekuperatzeko. Ekainean Castelló-ko Itzulian parte hartzea planteatuta dugu.
CAFÉS BAQUÉ TALDEKO TXIRRINDULARIAK
JARRAITZEN DUTENAK:
- Mikel Agirrebeitia Iturrieta (Zornotza, Bizkaia, 2001)
- Alex Díaz Álvarez (Urretxu, Gipuzkoa, 2001)
- Beñat Onaindia Arrizabalaga (Etxebarria, Bizkaia, 2001)
- Gorka Ortega Soro (Xátiva, Valentzia, 2002)
- Aimar Erostarbe Ugarte (Oñati, Gipuzkoa, 2003)
- Axier Casado Abellán (Castellar del Vallés, Bartzelona, 2003)
- Unax Iztueta Olano (Baliarrain, Gipuzkoa, 2003)
- Galder Bengoetxea Relloso (Okondo, Araba, 2003)
- Kimetz Etxabe Zubiaurre (Deba, Gipuzkoa, 2003)
FITXAKETAK:
- Erik Martorell Haga (Bartzelona, 1998)
- Xabier Cerro Díaz (Galdakao, Bizkaia, 2004)
- Marcos Merino Gómez (Barakaldo, Bizkaia, 2004)
- David Puente GarcÍa (Guriezo, kantabria, 2004)
TALDE TEKNIKOA:
- Zuzendari orokorra: Javi Garcia.
- Kirol zuzendariak: Ander Altuna, Marino lejarreta eta Ruben Gorospe.
- Mekanikoa: Iker Ibinarriaga.
- Masajista: Asier Somocurcio.
- Laguntzaileak: Arrizen Monesterio eta Diego Perez.
Cafés Baque taldea eta Durangoko Udaleko ordezkariak gaurko aurkezpenean.