Abadiño eta Garaik lankidetza hitzarmena sinatu dute Beratutik Aiartzarako herri bidea konpontzeko

Anboto 2023ko api. 3a, 18:30
Abadiñoko eta Garaiko alkateak, Mikel Garaizabal eta Erramun Osa, hurrenez hurren.

Oinezkoen eta ibilgailuen segurtasuna bermatzea dute helburu bi udalek, eta lanak gauzatzeko 108.363 euroko inbertsioa egingo dute.

Abadiño eta Garaiko udalek lankidetza-hitzarmena sinatu dute bi udalerriena den Beratutik Aiartzara doan herri bidea konpontzeko. Guztira, 108.363,52 euroko aurrekontua duen esku-hartzearen helburua auzotarren, oinezkoen eta ibilgailuen segurtasuna bermatzea da, bi herrietako udal arduradunek jakin eragin dutenez.

Bi udalek "premiazkotzat" eta "beharrezkotzat" jo dute bideak hobetzeko lanak egitea, "oinezkoen eta ibilgailuen zirkulaziorako dauden arazoak konpontzeko", ohar batean azaldu dutenez. Bideak 1.140 metroko trazadura du, eta, batez ere, Garaiko Beratu eta Aiartza baserrietarako sarbidea ematen du. 

Abadiñoko Udalak inbertsioaren % 42a hartuko du bere gain lankidetza hitzarmenean jasotzen denez, eta gainerakoa Garaiko Udalak ordainduko du. Hala berean, Garaiko Udalak bere gain hartuko du obraren zuzendaritza eta obrak kontratatzeko eta gauzatzeko prozedura, jakin eragin dutenez. 

Aldian-aldian bi udalek obraren jarraipena egingo dutela azaldu dute. Obrak 2023ko udazkenean hastea aurreikusten da, lanak esleitzeko prozedura burutu ostean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!