[BIDEOA]: Zabaldu dituzte Iurreta eta Zornotza arteko Bizipistaren lehen 5,5 kilometroak

Ekaitz Herrera 2023ko mar. 28a, 17:08

Iurretako Mallabiena industrialdetik Zornotzara doan tartea zabaldu dute 2 kilometroren faltan. Gainerako 2 kilometroak, Zornotzako herrigunera artekoak, sei aste barru egongo dira amaituta.

Bizkaiko lehenengo Bizipista denaren lehenengo bost kilometroak erabilgarri daude gaurtik. Agintari politikoek arratsalde honetan inauguratu dute azpiegitura berria, Iurretako Mallabiena industrialdean egindako agerraldian. Elixabete Etxanobek, Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako foru diputatuak adierazi du Bizipistak "aukera eroso eta segurua" eskaintzen duela oinezkoentzat eta bizikletentzat. Azpiegiturak herriak, ikastetxeak eta lantegiak lotzen dituela eta, Etxanobek herritarrak deitu ditu "bizikleta eguneroko joan-etorrietan" erabiltzera. Foru Aldundiak egindako aurreikuspenen arabera, Iurreta eta Zornotza arteko Bizipistak egunean 1.000 erabiltzaile izatera ailegatu daiteke.

Momentu honetan Bizipistaren 5,5 kilometro daude erabilgarri. Iurretako Mallabiena industrialdetik aurrerako tartea. Zornotzako herrigunea lotzeko falta diren bi kilometroak sei aste barru zabalduko dituzte, eta korridorea oso-osorik lotuko dute horrela. Etxanobek azpimarratu du azpiegitura honek "Durangaldeko bizi kalitatea hobetu" egingo duela. Gaurko agerraldian foru diputatuarekin batera egon dira Iurretako alkate Iñaki Totorikaguena, Zornotzako Gizarte Ekintza eta Berdintasun zinegotzi Ainhoa Salterain eta Mankomunitateko presidente Mireia Elkoroiribe. 

Zornotza eta Iurreta arteko tartea Ibaizabal deituriko Bizipistaren zatia da. Aipaturiko korridore honetaz aparte, Bizkaiko Foru Aldundiak antzerako jarduera bi ditu eskuartean. Bata Boroa eta Erletxe lotzeko tartea eraikitzea izango da. Bestea, Erletxe eta Larrabetzu lotzekoa.

Bizipistaren ezaugarriak honako hauek dira: 5,65 metroko zabalera dauka. 3,8 metroko zabalera bizikleten mugikortasunerako eta beste 1,85 oinezkoen erabilerarako. Obrek 11,7 milioi euroko aurrekontua izan dute eta 50 behargin ibili dira eraikuntza lanetan, Aldundiak dioenez. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!