Ikastetxeetan sukaldea ipintzeko eskari amankomuna egin diote Hezkuntza Sailari

Anboto 2023ko mar. 27a, 12:44

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxe publikoetako kideek egin dute eskaria. 17 eskolak, guztira. Tartean daude Durangoko Zabalarra, Zornotzako Larrea, Traña-Matienako eskola eta Atxondokoa. 

Gure platera, gure aukera plataformako kideek (tartean daude Durangaldeko Berton Bertokoa dinamikako kideak) eskari zuzen bat helarazi diote Hezkuntza Sailari: Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxe publikoetan sukaldeak ipintzea. Eskari hori modu bateratuan aurkeztu dute gaur egindako prentsaurrekoan. 17 ikastetxek erregistratu dute eskaera eta tartean daude eskualdeko lau eskola: Durangoko Zabalarra, Zornotzako Larrea, Traña-Matienako eskola eta Atxondokoa. Azaldu dutenez, gaur egun, "Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe publikoen herenak besterik ez du sukaldea ikastetxean bertan", eta gainerakoaetan, "sukalde zentraletan kozinatutako janari garraiatua" eskaintzen da. Horrez gainera, aipatu dute Hezkuntza Azpiegituren 2019-2023 Planak ikastetxeetako sukaldeak "pixkanaka berreskuratzea" aurreikusten duela, eta horrenbestez sei sukalde eraikitzea jasotzen duela, baina momentuz bi "soilik" eraiki direla. Sukaldeak egiteko pausoak "motel" doazela eta "konpromisoa" betetzea eskatu diote Hezkuntza Sailari. 

Honako hauek dira eskari bateratua aurkeztu duten 17 ikastetxe publikoak:

  • Urduña HLHI
  • Gorbeia HLHI
  • Zaragueta HLHI
  • Juan Manuel Sanchez Marcos HLHI
  • Jose Etxegarai HLHI
  • Urretxindorra HLHI
  • Iturzaeta HLHI
  • Arrigorriaga HLHI
  • Muskiz ikastola
  • Serantes HLHI
  • Salburua HLHI
  • Larrea HLHI
  • Joxe Miel Barandiaran LHI
  • Altzo HLHI
  • Atxondo HLHI
  • Zabalarra HLHI
  • Traña-Matiena HLHI
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!