TOKIKOMek herri komunikabideen sarea indartzeko pausoa eman du bere X. urteurrenean

Anboto 2023ko mar. 24a, 20:41

Euskarazko tokiko komunikabideen federazioak hamargarren urteurrena ospatu du gaur, Getxoko itsas terminalean egindako jardunaldietan. TOKIKOMek 76 herri komunikabide barnebiltzen ditu, eta tartean dago ANBOTO. Etorkizunari begira sarea indartzeko apustua egin dute denek. 

Getxoko itsas portua euskarazko toki hedabideen topaleku izan da goiz honetan. TOKIKOM federazioak hamar urte bete dituela eta, bertan batu dira Euskal Herri osotik iritsitako herri komunikabideetako langileak. Komunikazio arloko ehundik gora profesional batu dira han, tartean, hedabide honetako kideak. Komunikabideak etorkizuna ehuntzen izenburua lagun, etorkizunak dakartzan erronkak aletu dituzte dozena erdi bat berbalditan. Honako ideia hau azpimarratu dute ororen gainetik: tokiko komunikabideek paper garrantzitsua jokatzen dutela gizartean, funtsezkoak direla demokraziaren ongizaterako eta aurretik datorren zerumugari elkarlanean ekingo diotela.

BBC hedabideko Peter Sherlock eta Jason Gibbins kazetariak jardunaldietan egon dira, tokiko komunikabideek eta BBC konpainiak Erresuma Batuan daukaten lankidetza azaltzen. Galesko Richard Gurner eta Norvegiako Tomas Bruvik kazetariek herrialde horietako tokiko hedabideen egoera zein den azaldu dute. EITBko Oihane Mateosek eta Hiruka hedabideko Iker Rincónek eragile bien arteko lankidetzari buruzkoak aletu dituzte. Adimen Artifizialari buruzko erronka berriak Kataluniatik iritsitako Karma Peirók azaldu ditu eta EHUko Bea Narbaiza ikerlaria arduratu da nerabeek sare sozialetan zein plataforma digitaletan dituzten erabilera ohiturak azaltzeaz. Bestalde, Nafarroako Unibertsitateko Avelino Amoedok digitalizazioak informazio kontsumoari eta hedabideekiko konfiantzari zelan eragiten dioten azaldu du. 

Jardunaldiek eman duten beste atal garrantzitsu bat TOKIKOMek eta Herrialde Katalanetako tokiko hedabideen federazioek sinatutako manifestua da. TOKIKOMeko presidente Alaitz Artolazabalek manifestua sinatu du Menorca, Mallorca, Valentzia eta Kataluniako tokiko komunikabideen federazioarekin. Ekitaldian ordezkari politikoek ere parte hartu dute. Bertan izan dira Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Sailburua, Lorea BIlbao Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kirol eta Kultura diputatua eta Getxoko alkate Amaia Agirre.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!