"Ikasketak euskaraz egitea oztopoz beteriko zoru baten gainean ibiltzea" dela diote, eta horren erantzule egin dituzte azken boladako "eskubide urraketa etengabeak". "Euskaraz ikasten dugula esaten den arren, hezkuntza prozesu hori ezin dugu sekula ere %100ean euskaraz gauzatu: irakasle euskaldunen falta, euskarazko zerbitzu eza, euskaratu bako material didaktikoaren etengabeko erabilera eta euskarazko ikasketen eskaintza eza urterik urte pairatzen ditugun eskubide urraketak dira", kritikatu dute hedabideetara bidalitako oharrean.
Bigarren mailako hizkuntza
Egoeragaz "kezkatuta" daudela azaldu dute, eta ez direla "besoak gurutzatuta" geratuko gaineratu. "Euskal Herrian euskarak bigarren mailako hizkuntza trataera jasan ezin duen moduan, euskaldunok ezin dugu bigarren mailako biztanle izan Euskal Herrian", adierazi dute. Hori dela eta, martxoaren 23rako Hego Euskal Herriko hiriburuetan antolatu dituzten manifestazioetara joatera deitu dituzte herritarrak.