Durangaldetik 8 tona elikagai eta garbitasun produktu bidaliko dituzte aurten. Kopuru hori aurreko aldietan bidalitakoaren herena da, gutxigorabehera. Rio de Oroko Mikel del Arcok horren zergaitia eman zuen atzoko prentsaurrekoan. "Espainiako eta Aljeriako gobernuen arteko hartuemanak konplikatuak dira, bai politikoki bai eta komertzialki ere. Beste Erkidego batzuek karabana etetea erabaki dute, baina guk aurrera jarraitzea erabaki dugu". Horrela, kantitatea kalitateagatik ordezkatu dute. "Zama txikiagoa da, baina nutrizio-balio berdina du eta balio ekonomikoa ere berdina da. Elikagaien Mundu Programako eta Gurutze Gorriko arduradunekin kudeatu dugu gaia", azaldu zuen del Arcok.
Euskadin batutako 58 tonak apirilaren amaieran irtengo dira Bilbotik Alacantera, tamaina desberdinetako lau kamioitan. Durangaldean batutako 8 tonak kargamentu horretako parte dira. Alacanten ferry batean sartuko dituzte Oran-era (Aljeria) bidaltzeko.
Hurrengo aldietan ohiko tona kopurura itzultzea aurreikusten dute. "Aurtengo erabakia ez da behin betikoa. Aitzitik, lanean gaude berriro gure ohiko kopurua bidali ahal izateko eta lortuko dugula uste dut", azaldu zuen del Arcok.
Datu ekonomikoei dagokionez, aurten 27.915 euro batu dituzte. Euretako 23.581 euro dirulaguntza publikoak izan dira; 1.500 euro dohaintza pribatuak eta 2.834 euro diru-bilketa kanpainaren bidez lortutakoak.
AURTENGO BILKETA DURANGALDEAN
- Lekaleak: 4.000 kilo
- Atun latak: 1.500 kilo
- Bestelakoak (pasta, arroza, azukrea): 1.000 kilo
- Oliba olioa: 900 kilo
- Konpresak: 400 kilo
- Sardina latak: 100 kilo
- Haur-oihalak: 100 kilo
- GUZTIRA: 8.000 kilo