Durangaldeko Elkarrekin Podemos koalizioko kideak Eusko Legebiltzarrean izan ziren atzo, Durangaldeko osasungintzari buruzko eztabaida jarraitzen. Isa Gonzalez legebiltzarkideak gainerako ordezkari politikoen aurrean defendatu zuenez, "Durangaldeko eta Lea-Artibaiko 120.000 bizilagunek desberdintasun nabaria" dute osasun arloan, eskualdeoi "eskubide osoz dagokien osasun egoera" ez dagoelako "bermatuta". Datozen udal hauteskundeetan hautagai diren kideak Isa Gonzalezekin batu ziren. Han izan ziren David Hernández Durangoko hautagaia, Sabina Méndez Berrizkoa, Alfonso Arroyo Abadiñokoa eta Joseba Andoni Fernández. "Durangaldeak hobekuntzak behar ditu osasun-arretan. Hala nola anbulantzia medikalizatua behar du, hil edo biziko larrialdietan babestuko baikaitu, eta pediatriako larrialdiak, 24 orduz. Hauek herritarren eskaera ugarien adibide batzuk baino ez dira”, adierazi zuten.
Bestalde, koalizio moreak eskualdeko osasun beharrizanen azterlana egitea eskatu dio Eusko Jaurlaritzari, beste behin. Elkarrekin Podemosek gogoratu du Eusko Jaurlaritzak txosten hori egiteko konpromisoa hartu zuela duela urtebete. Lan hori urtebeteko epean bukatzea aurreikusi zuen, baina talde morearen iritziz, "EAJk eta PSE-EEk azterketa amaitzeko konpromisoa hartu dute, baina datarik gabe". Txostena lantzeko moduari buruz, "Mankomunitatearekin bakarrik" barik, "osasun-zentroetako langileekin eta gizarte eragileekin batzea" eskatu diote Eusko Jaurlaritzari.