"Peruk oso esperientzia eta erronka politak ekarri dizkigu"

Aitziber Basauri 2023ko mar. 12a, 11:45

Erdialdeko Amerikan daudela, Panaman, erantzun diete Irene Garciak (Elorrio, 1993) eta Jon Begoñak (Durango, 1990) ANBOTOren galderei. Ekuadorren, Perun, Bolivian eta Argentinan egon ostean, Txileko eta Paraguaiko alde bana ezagutu zuten Uruguaira sartu aurretik. Panama dute azken geraldia etxera etorri aurretik. Hurrengo bidaia zein izango den pentsatu barik, momentua disfrutatzea dute helburu.

Lehenengoz egin duzue horrelako bidaia luze bat. Zerk bultzatuta? 
Irene: Aspalditik genuen buruan horrelako bidaia bat egitea. Bidaiatzeak asko betetzen gaitu eta uste dugu gustuko gauzak ezin direla gerorako utzi. Bidaia hau egiteko ez genuen gehiago itxaron gura.

Zergaitik Hego Amerika? 
Jon: Hasieran Asiara joatea pentsatu genuen. Baina bagenekien bidaia luzea izango zela, eta Hego Amerikan gaztelaniaz egiten dutenez pentsatu genuen hori lagungarria izango zela bertakoekin konektatzeko eta bidaia osatuago bat egiteko.

Zelan mugitzen zarete?
Jon: Autobusez. Ez ditugu zenbatu, baina milaka kilometro egin ditugu; asko, gauez. Patagoniara joateko, hegazkina hartu genuen, eta Panamara etortzeko ere bai.

Argentinak Munduko Kopa irabazi zuenean bertan egon zineten.
Jon: Bai. Hasieran ez genuen argi Argentinara sartuko ginen. Baina, azkenean, Munduko Koparen taldekako fasetatik hasita, partiduak jarraitzeko aukera izan genuen. Kordoban Argentina-Polonia ikusi genuen eta izugarria zen giroa. Flipatu egin genuen kalean zegoen jendetzagaz. Finalerdietara zein finalera heltzeko asko falta zenean ere, kalean bizi zena zoramena zen.

Espero izandako esperientzia izaten ari da?
Irene: Bai. Ez genuen espektatiba zehatzik. Bidaiatu, momentua disfrutatu eta bizi, horixe gura genuen; eta ikasi. Lortu dugu hori guzti hori, eta oso pozik gaude.

Zeintzuk leku ahaztezin ekarriko dituzue zuekin? Zein herrialdek harritu zaituzte gehien?
Jon: Mordoak. Hasi paisaia andinoetatik, jarraitu Patagoniako parajeekin, eta orain gozatzen gabiltzan Panamako hondartza eta paisaia tropikalekin amaituta. Boliviako Uyuni inguruak ere izugarriak dira. 
Irene: Apartekoak!
Jon: Beharbada, Peru izan da gehien harritu gaituena. Motxilero asko hartzen duen herrialde turistikoa dela jakin arren, gure espektatibak gainditu dituelako. Asko ikasi dugu hango kulturaz eta historiaz.
Irene: Peruk oso esperientzia eta erronka politak ekarri dizkigu. Asko bete gaitu.

Zer geratzen zaizue bisitatzeko?
Jon: Santa Katalinan gaude, Ozeano Bareko kostan. Hemendik, Karibera joango gara, Bocas del Torora. Boluntario lez gaude. Panaman egongo gara geratzen zaigun denboran.

Bidaiari askoren ustez, tokiko jendeagaz egotea da aberasgarriena. 
Irene: Bai. Denborarik gehien egondako lekuetan bertakoekin eta beste bidaiari batzuekin harremantzeko aukera izan dugu, eta horrek asko betetzen du. Ezagutzen duzun jendeak egiten du desberdin bidaia bat.

Buelta gogorra izango da?
Jon: Pena apur bat sentitu arren, ez dugu uste aparteko gogorra izango denik. Egundoko esperientzia bizitzen gabiltza eta asetuta egingo dugu buelta, datorrenarentzat energiagaz.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!