“Liburua txukun geratu da eta gazteak poesiara hurbiltzen lagunduko du”

Aritz Maldonado 2023ko mar. 11a, 10:00

Irakurle gazteak poesiara hurbiltzeko asmoagaz publikatu du 'Mare, ilargiari poemak' ilustrazio liburua 1545 argitaletxeak. Joseba Sarrionandiak, Elena Olavek, Leire Vargasek eta Leire Bilbaok parte hartu dute, besteak beste. Udane Ansak (Oiartzun, 1982) egin ditu ilustrazioak. Erakusketa bat ere antolatu dute. Arteka liburu dendan egongo da ikusgai, martxoan eta apirilean. Horrez gainera, hilaren 18an aurkezpena egingo dute Artekan bertan, 12:00etan. Vargasek, Olavek eta Sarrionandiak parte hartuko dute ekitaldian.

Durangaldeko hainbat idazlek parte hartu dute liburuan. Pozik eurekin lanean? Zelakoa izan da elkarlan hori?
Ez dut eurekin kontakturik izan prozesuan zehar. Testuak jaso ahala, 1545 argitaletxeko Xabi eta Eneko Salaberriak birbidali egiten zizkidaten, eta ilustrazioak amaituta eta maketatuta zeudenean ikusi zituzten idazlerik gehienek lehenengoz. Jakina, tarte bat utzi genien, ilustrazioren bat gustuko ez bazuten esan eta aldaketaren bat egiteko edo berria sortzeko. Baina ez zen halakorik gertatu, edo ez ziguten esan behintzat. Asko ezagunak banituen ere, inoiz ere ez nuen haiekin berba egin. Durangoko Azokan egin zen aurkezpenean eta Oiartzungo Udalean egin zenean ezagutu nituen batzuk.

Zer ikusi daiteke erakusketan?
Liburu barruan dauden hainbat ilustrazio original ikusi daitezke. Alde batetik, liburuak hiru hitzaurre ditu eta horietarako sorturiko ilustrazioak daude, handiagoak eta orri osoa betetzen dutenak. Bestetik, barruan aurkitu daitezkeen hamabost ilustrazio daude. Ezin genituen denak ipini, leku faltagaitik. Baita tamaina aldetik markoetan sartzen ez zirelako, edo original batzuk ondoren digitalki amaitu edo txukundu nituelako.

Agerikoa da liburua mimo handiz prestatu duzuela. Pozik emaitzagaz?
Liburua mimo handiz pentsatu, diseinatu eta sortu dute, eta plazera izan da proiektu polit honetan parte hartu ahal izatea. Txukun geratu da eta helburua beteko duela uste dut: gaztetxoak poesiara hurbiltzea eta Euskal Herriko poeta batzuk behintzat ezagutaraztea. Batetik, ilusio berezia egiten dit. Liburu oso bateko ilustrazioak egiten ditudan lehenengo aldia da eta lana handia izan bada ere, oso gustura egin dut. 

Aurkezpenean, zer topatuko du bertaratzen denak?
Pena handiz, baina ziurrenik ezingo naiz aurkezpenean egon. Liburua aurkezteaz gainera, parte hartu duten eta bertaratzen diren idazleek euren poemak errezitatzea da asmoa, eta, bide batez, herriko hainbat gaztek haiek sorturiko poemak errezitatzea ere. Ea animatzen diren! Liburuagaz batera, Bea eta Idoia Asurmendik (Jon Martinen hitzetatik) sortu duten kantaren bideoklipa ikusteko aukera ere egongo da. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!