Aurtengo Martxoaren 8an zaintzak hartu du aldarrikapenen erdigunea. Zein da arrazoia?
Nerea Lizarralde Sampedro: Konfinamenduan, etxean geundenean, oso argi geratu zen bizitzeko ezinbestekoa dugun tresna dela zaintza. Jaiotzen garenetik hiltzen garen arte zaintza behar beharrezkoa dugu bizitzeko. Izurriak hori ipini zuen erdigunean.
Itsaso Basauri Larrañaga: Bai, hiru urte dira Euskal Herriko Koordinadora Feminista zaintzaren inguruko lanketa egiten hasi zenetik. Gaur egungo sistemak ez du bizitza erdigunean ipintzen. Ekoizpen bat ipintzen du erdigunean, garapen ekonomiko bat, eta horrek bizitzen zapalkuntzak sortzen ditu. Sistemaren zentralitatea zaintza izatea beharrezkoa da, horregaz bizimodu bizigarriak lortzeko.
Joan zen astean, Durangaldeko mugimendu feministak zaintza "krisian" dagoela azpimarratu zuen. Non igartzen duzue krisi hori?
I.B.L.: Zaintza krisialdian eta kolapsatuta dago. Sistemak ez dio zaintzari erreparatzen. Ez modu ekonomiko batean, ez hartu-emanen sareetan, ez hirigintza ikuspegietan. Beste helburu batzuk ditu. Zaintza ezkutatuta dago, ematen du berezkoa den zerbait dela, baina emakumeak dira zaintza horri eusten dioten subjektuak.
'Denon Bizitzak Erdigunean' txostenak jasotzen du egungo zaintza eredua "familiarizatua", "merkantilizatua" eta "feminizatua" dagoela.
N.L.S.: Bai. Familiarizazioari dagokionez, hor odoltasunaren kontzeptua dago. Kulturalki, emakumeari ezartzen zaio eguneroko zaintzarako rola. Amari, alabari. Soldata arrakala ere badago, eta kontuan hartu behar da zaintzagaitiko bajak, lanaldi murriztuak, normalean emakumeenak izaten direla. Zaintzaren kultura eraldatu behar dugu; azken finean, zainketa jasotzeko eskubidea dugun moduan besteak zaintzeko betebeharra ere badugulako. Baina hau guzti hau nukleo familiarretatik kanpora ere landu behar da. Nor eta zelan zaindu edo zainduak izan gura dugun ala ez erabakitzeko aukera izan behar dugu. Izan ere, gaur egun, zaintza ez egitea pribilegioa da. Eta pribilegio hori zentroan daudenek dute: gizonezkoek, zuriek eta maila sozioekonomiko handia dutenek.
I.B.L.: Bestalde, zaintzaren merkantilizazioa dago. Zaintzak oinarri handi bat izan behar du instituzioetan, zerbitzu publikoetan. Baina azpikontrataturiko zerbitzuekin, negozioekin, ikusten dugu zaintza pribatizazio prozesu batean dagoela. Guk diogu zaintza ezin dela etekin ekonomikoa sortzeko planteamenduetan sartu. Eta joera hori zerbitzu publikoetatik kanpora ere badago. Zuriak garen neurrian, egokiagoa iruditzen zaigu guk baino askoz baldintza apalagoak dituen baten bat zaintza lanetarako kontratatzea.
N.L.S.: Bai. Eta zaintza feminizatua dagoela diogunean, ikusten dugu emakumeak garela zaintzaz arduratzen garenak, lan ordainduetan, familian eta zaintza sareetan. Lagun artean ere halantxik da. Zaintzaren kultura aldatu behar dugu.
Zaintzaren kultura aldatu behar dela diozue. Zein oinarri behar ditu kultura berri horrek?
I.B.L.: Zaintza komunitate oso batean antolatzeko erronka da hasi duguna. Enpleguaren arloan, zaintza zerbitzu publikoak zelan josten ditugun aztertu beharko da. Baina hartu-emanei dagokienez ere, komunitateak zelan eratu gura ditugun aztertu beharko dugu. Ea zelan gura dugun lurraldea zaindu, ea hirigintza aldetik intergenerazionalak eta interdependenteak diren komunitateak sortzen ditugun. Azken finean, zaintza erdigunean izango duen sistema berri bat diseinatu behar dugu. Eta, jakina, horrek baliabide pertsonaletan eta ekonomikoetan inbertitzea eskaten du, eta zaintzagazko dugun kontzepzioa bera aldatzea.
N.L.S.: Gainera, kontuan hartu behar dugu zaintzaz arduratzen den langile asko erregularizatu barik dagoela. Hori guzti hori berrikusi egin behar da, lana baldintza duinetan eta kontratupean egin ahal izateko. Emakume migratu askok esplotazio eta prekarizazio egoeran lan egiten du. Atzerritartasun Legea eraldatu behar da horretarako. Hain zuzen ere, mugimendu feministak gutxieneko batzuk eskatuko ditu etortzekoa den greba orokorrean.
Sistema, instituzioak, jendartea, prest ote daude aldaketa hauek agendan sartzeko?
I.B.L.: Guk planteatzen dugun ereduak zaintzara bideraturiko injekzio ekonomiko potente bat eskatzen du. Aurrekontuetan birplanteamenduak egitea dakar horrek. Eta ez bakarrik soldatetan. Baita sortu beharreko eremuetan ere. Gero, gaia komunitatera jaitsita, kontuan hartu behar dugu emakumeek egunean 4,3 ordu eskaintzen dizkietela zaintza lanei; gizonezkoek, ostera, 1,5. Datu horiek jakinda, nik behintzat argi dut zein aldetan kokatu. Baina prest gaude?
Bestalde, mugimendu feministak landuriko txostenak hainbat dimentsiori egiten dio azpimarra. Haurtzaroko zaintzari, aniztasun funtzionalari eta zahartzaroari.
I.B.L.: Kontziente izan behar dugu denok behar dugula zaintza. Jaiotzen garenetik hiltzen garen arte interdependienteak gara eta aipaturiko hiru eremu horietan handiagoa da dependentzia maila. Geroago eta dependienteagoak diren pertsonen zainketak prekarizatuago egoten dira.
Gaia Durangaldera ekarrita, nondik hasi zaintza eraldatzen?
N.L.S.: Jendea etxeetan dabil lanean, baldintza prekarioetan, soldata txarrekin. Hori hemen bizi dugun errealitatearen zati da. Txostenak tresnak eskaintzen dizkigu ardurak kokatzeko. Etxe barruko ardurak dira batzuk, hartu-emanen sareetan zentratuak beste batzuk, udaletako ardurak, egoitzetakoak... Gizarteko geruza guztietarako lanketa dago jasota. Bai, hemen ere badira Durangalderako, herrietarako, auzoetarako, kuadrilletarako, familietarako, zentroetarako erantzunak.