EH Bilduk Durangaldean "beharrezkoak diren osasun profesionalak" bermatzea eskatu du Legebiltzarrean

Anboto 2023ko mar. 9a, 13:32

Rebeka Ubera legebiltzarkideak adierazi du "Durangaldean osasun profesional gehiago" behar direla, "etenik gabeko arreta gunean eta gainerako osasun zerbitzuetan. Horrez gainera, eskualdeko osasun beharrizanen azterketa amaitzea eskatu dio Osasun Sailari. 

EH Bilduk ohar batean jakinarazi duenez, goiz honetan eskualdeko osasun zerbitzuei buruz eztabaidatu dute Eusko Legebiltzarrean. Rebeka Ubera legebiltzarkideak adierazi du "Durangaldean osasun profesional gehiago" behar direla, "etenik gabeko arreta gunean eta gainerako osasun zerbitzuetan." Alde horretatik "herritarrei kontsultak bermatzeko eta Osakidetzara sarbidea errazteko neurriak" behar direla azpimarratu du. Era berean, Uberak ez du aipatu barik utzi Durangaldeko osasun beharrizanen inguruko txostena. Dokumentua "berehala" amaitzea eta agiri hori Barrualde-Galdakao ESIko zuzendaritzako kideen esku uztea eskatu du. Hain zuzen ere, urtebete joan da Osasun Sailak azterlan hori egiteko ardura hartu zuenetik. Txostena urtebeteko epean bukatuta egoteko konpromisoa hartu zuen. Baina oraingoz ez dute informaziorik kaleratu. Bestalde, EH Bilduk adierazi du Durangoko, Elorrioko, Mañaria eta Izurtzako alkateek gai honi buruz berba egiteko eskaria egin zutela urtarrilean, baina oraindik ez dutela Osasun Sailaren erantzunik jaso. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!