Anbulantzia medikalizatu bat eskatu diote Jaurlaritzari

Anboto 2023ko mar. 9a, 12:27

Elkarrekin Podemos - IUk erregistratu du eskaria, Legebiltzarrean. Koalizioak dio ezaugarri horiek dituen unitaterik gertukoena Gernikan dagoela, baina distantzia dela eta, paziente askok ez dutela behar bezalako laguntza jasotzen.

"Kritikoki gaixorik dauden eta bizitza euskarria behar duten pazienteak lekualdatzeko" helburuz, Elkarrekin Podemos - IU koalizioak eskualde osorako anbulantzia medikalizatu ipintzea eskatu dio Eusko Jaurlaritzari. Eskari hori modu formalean erregistratu dute Eusko Legebiltzarrean, eta modu honetan arrazoitu dute: "Eskualdetik hurbilen dagoen ezaugarri horietako unitatea Gernikan dago. Distantzia dela eta, laguntza aurreratu hori behar duten paziente askok ez dute behar bezala jasotzen, eta egoera dramatikoak gertatzen dira". Era berean, koalizioak gogora ekarri du 2015ean Durangon anbulantzia medikalizatu bat ezartzeko 2.000 sinadura aurkeztu zirela Eusko Legebiltzarrean.

Eskaria egiteagaz batera, honako informazio hau ere eskatu du koalizioak: 2022ko urtarriletik gaur arte Durangaldeko pazienteekin anbulantzia medikalizatuan egindako lekualdatze kopurua, eta laguntza eskatzen den momentutik helmugako osasun zentrorako joanaldiak iraundako denbora.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!