Zaintza sistema “krisian” dagoela eta, mugimendu feministak egoera horri buelta emateko dinamika aurkeztu du arratsalde honetan. Eskualde osotik iritsitako militante feministak Durangoko Santa Ana elizaren aurrean batu dira eskuartean duten bide-orri berria aurkezteko. Argi diote: Zaintza lanak “krisian” daude, eta horren aurrean “borroka dinamika” bat hasiko dute guztia “irauli” egiteko. Hainbat dira identifikatu dituzten gabeziak. Batetik, “etxe barruko, lantokietako eta hartu emanetako” zaintza lanak daude; “Klase xeheko emakumeek” jarraitzen dute zaintza horiek “jasaten”. Eta instituzioek esku hartzen duten zaintza lanekin, antzerakoa gertatzen dela aipatu dute, izurriak “argitara” atera baitu “adineko pertsonentzako egoitza batzuetako egoera jasangaitza”. Mugimendu feministaren esanetan, “egoera ez lehertzea etxeko langileek bizi duten esplotazio egoerari” zor zaio, “eurak baitira familia eta instituzioak ailegatzen ez diren beharrizanak asetzera iristen direnak”.
Marko hori kontuan hartuta, mugimendu feministak “zaintzarako eskubide kolektibo baten alde” egin du, “pertsona guztiek bizitza osoan zehar zaintzak askatasun, duintasun eta konpromiso baldintzetan emateko eta jasotzeko duten eskubidearen alde”. Auzia “mendekotasun egoeratik harago” doala diote, zaintza lanak “negozioa” barik “ardura soziala” delako. Alde horretatik zaintzaren erantzunkizunari “pribilegiozko egoeratik ihes” egitera deitu dute.
Lehen mugarria, Martxoaren 8an
Durangaldeko mugimendu feministak datorren Martxoaren 8an ipini du dinamika hasteko abiapuntua. Horretarako hainbat mobilizazio antolatu dituzte herririk herri. Honako hauek dira:
- Elorrion, 18:00etan manifestazioa egingo dute plazatik hasita.
- Abadiñon, 19:00etan egingo dute mobilizazioa, Traña-Matienako Laboral Kutxaren aurrean.
- Zornotzan, Txiri-txiri tabernaren aurreko plazan batuko dira 18:30etan.
- Berrizen, 19:00etan udal plazan.
- Durangon manifestazioa egingo dute 19:00etan Andra Maritik hasita.
- Zaldibarren manifestazioa egingo dute 19:00etan udal plazatik hasita.
- Iurretan 18:00etan mobilizatuko dira Askondotik.