LABek beste 10 eguneko greba deialdia egin du Bizkaiko nagusien egoitzetan

Anboto 2023ko ots. 23a, 13:00

Gaurko prentsaurrekoko irudia. (Argazkia: @LABsozbiz)

Martxoaren 8an, apirilaren 3tik 5era, eta, maiatzaren 15etik 20era izango dira greba egunak.

LAB sindikatuak prentsaurrekoa eskaini du gaur Bizkaiko nagusien egoitzetan bizi den egoera "jasanezina" salatu eta 10 greba egun iragartzeko. “Gaur, berriz ere, borrokarekin jarraitzera behartuta gaude”, adierazi dute. “Langileen egoerak okerrera baino ez du egin, eta Bizkaiko Aldundia zein patronala jotzen ditugu erantzule zuzentzat. Zaintzak ezin du negozio izaten jarraitu, gutxi batzuk aberasten diren bitartean beste asko pobretzen garelako. Langileen eta egoiliarren egoera jasanezina da, eta egungo ratioak ankerrak dira”, salatu dute.

Lehenengo greba eguna martxoaren 8a izango da, Emakumearen Nazioarteko Egunean. “Nagusien egoitzetan lan egiten dugun pertsona gehienak oso lan-baldintza txarrak ditugun emakumeak gara; beraz, argi eta garbi esan dezakegu Bizkaiko Foru Aldundiak, pertsonen zaintzan funtsezkoa den sektorea pribatizatzen duen politikarekin, boteretik langileak esplotatu eta gaizki tratatzen dituela”, azaldu du sindikatuak.

Bigarren greba apirilaren 3tik 5era izango da. Hiru egun hauek aukeratu izana ere ez da kasualitatea. Egun horietan, "Kalbarioko martxa" egingo dute. "Langileek bizi duten egoeraren errudun diren patronal eta erakundeak interpelatuko dituzte oinezko ibilbidean".

Hirugarren lanuzte-deialdia, berriz, maiatzaren 15etik 20ra artekoa izango da. Greba-egun horietan, langileek txandakako baraualdia egingo dute jasaten dituzten baldintzak salatzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!