Asteburuan helduko da 'Irati' Hego Euskal Herriko zinema aretoetara. Gogotsu zaude?
Zenbait emanaldi izan dugu dagoeneko; Madrilen, Iruñean eta Donostian, besteak beste. Lau jaialditan ere aurkeztu dugu eta publikoaren saria eman digute denetan. Horrek ere pista bat ematen digu; jendea, ikusleak, gustura geratzen ari dira eta hori oso garrantzitsua da guretzat.
Lana ikusi duten askok zineman ikusteko moduko filma dela esan dute, pantaila erraldoian.
Pelikula guztiak dira zinema aretoetan ikusteko modukoak, baina, egia esan, Irati pelikulak ezaugarri bereziak ditu, zineman gozatu beharrekoak. Paisaia zabal asko grabatu dira eta horiek gehiago gozatzen dira pantaila handi batean. Istorio fantastikoa izatera, soinuak eta musikak ere garrantzi berezia dute, eta beste modu batera gozatu ahalko dira zineman.
Promozio lan handia egiten zabiltzate.
Bai, lantalde osoa promozio lan handia egiten gabiltza eta horregaz ere ikusten gabiltza ikusmin handia dagoela, gogo berezi bat dagoela pelikula ikusteko. Argi dago fantasiazaleen artean gogo berezi bat piztu duela pelikulak, jorratzen den gaiagaitik. Baina jakin-min hori orokorragoa ere badela esango nuke. Beste jende asko ere joango da zinema aretoetara, hemen egindako pelikula bat delako, euskaraz egindakoa eta hemengo istorio bat kontatzen duena. Egia esateko, gogotsu gaude Hego Euskal Herriko aretoetara heldu eta zelan doan ikusteko.
Muntatze prozesuan dago 'Betiko gaua', Sagardoyren estreinako lana zuzendari lez
Otsailean amaitu dute Betiko gaua film laburraren grabazioa; filma Eneko Sagardoyk zuzendari lanetan izango duen lehenengo lana da. Durangarra "oso pozik" dago erronkagaz. "Aspaldidanik nuen gogoa horrelako zerbaitetan parte hartzeko, eta banekien lehenago edo geroago egingo nuela", azaldu du. "Gogoa nuen nire gaitasuna probatzeko, ikusteko zein lengoaia garatu nezakeen, adibidez. Dagoeneko hamaika urte daramatzat filmazio lanetan, eta horrek asko lagundu dit buruan nuena egin ahal izateko", adierazi du zinemagile durangarrak. Betiko gaua urtea amaitu orduko estreinatzea da lantaldearen helburua, Sagardoyren berbetan. "Orain muntatze lanetan gabiltza. Urtea amaitu aurretik jaialdiren batean erakustea gustatuko litzaiguke", gaineratu du. Grabazio lanak Arabako mendialdean egin dituzte. "Oso esperientzia polita izaten ari da hau guzti hau", azpimarratu du Sagardoyk. Kamera atzean ere |