[GUTUNA]: "Uri Ruiz Bikandi, agur eta ohore!"

Anboto 2023ko ots. 21a, 13:28

Argazkia: Zaloa Fuertes. Durango 1936 kultur elkartea.

Uri Ruiz Bikandi irakasle durangarra gaur goizean hil da. Irakaslea, hezitzailea eta idazlea izan zen, hezkuntzako hainbat arlotan aritua. Filologiako ikasketak egin zituen eta pedagogian doktorea izan zen. Iurretako Goiuria ikastolako irakaslea ere izan zen. Andoni Barreñak Uri Ruizi buruzko testu hunkigarria idatzi du.

Bizi garen tokiak eta garaiak eratzen gaituzte, baita senideek eta herkideek ere. Uri Durangon jaio zen 1950ean, gerrak eta faxismoak jotako herri eta etxe batean. Horregatik, bizitzari, gizarteari eta etorkizunari buruz etxean eta gizartean jasotako aurkako ikuspegiek moldatu zuten. Urik amamaren altzoan aditu zituen gerraren bortizkeriak, justizia ezak, gizonen maltzurkeriak, errepresioa, askatasun eza eta boteretsuen ase ezintasuna. Eskolan eta gizartean, ostera, faxismoaren aldeko gorazarreak entzun zituen etengabe, langarrak lurra bustitzen duen legez.

Gaztetan jabetu zen bere bizitza gidatuko zituzten zerez: euskararen eta euskaldunen bazterketaren, emakumeen eta gizonen eskubide berdintasun ezaren, zapalduen eta gizarteak baztertuen egoera latzaren eta elizak faxismoarekin zuen konplizitate maltzurraren jasan ezinak moldatutako zedarriak. Euskara ikasi zuen gaztetan eta euskara biziberritze ekimenetan eta Iurretako eta Elorrioko ikastolen hasieretan parte hartu zuen andereño legez, geroago hezkuntza publikoan lan egiteko. Hezkuntzan beti egin du pedagogia eraldatzaile eta berritzailearen alde, autoritarismoaren aurka. Emakumeen eskubideen ezaz jabeturik, gogor eta ozen erreibindikatzen zuen genero berdintasuna, eta indar osoz salatzen zituen injustiziak eta gizonkeriak, Durangoko Talde Feminista ere sustatuz. Esango nuke nik ezagutu dudan lehen ekintzaile feminista izan dela. Faxismoaren eta gizakiaren zapalkuntzaren aurkako borrokak mugimendu sozio-politikoetan parte hartzera eta komunismora eroan zuen Uri, injustiziaren aurka eta gizakion berdintasunen alde.

Durangarrei eginiko ekarpenaz eskerturik natorkizu azken agurra egiten, eta zutaz arro gaudela aldarrikatu nahi dut lau haizetara! Bekizu lurra arina, adiskide!

Andoni Barreña

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!