Manifestaziorako deia, zaintza eta garbiketa zerbitzuetan lan egiten duten emakumeen "prekarietatea" salatzeko

Anboto 2023ko ots. 20a, 09:31

Itaiak mobilizazioak egingo ditu hilaren 25ean Bilbon, Iruñean eta Donostian. Durangaldeko kideek manifestazioetan parte hartzera deitu dute.

Beharginen lan baldintzetan "orokortze orokorra" ematen dabilela adierazi dute Itaiako kideek; "are gehiago" emakumeen kasuan. Diotenez, "ehuneko handi batek zaintza eta garbiketa zerbitzuetan lan egiten dute: adinekoen zaintza, etxez etxeko laguntza, jantokiak, osasun zentroetako garbiketa, eskolako garraioak", eta antolakundearen iritziz "bistakoa" da "sektore feminizatu hauetako prekarietatea". "Gehiegizko ratioak" eta "ordu gutxiko lanak" ipini adibide modura. Hori gertatu bitartean, "enpresariek, instituzioen konplizitatearen bitartez, milioika euroko irabaziak" izaten dituztela salatu dute. Horren aurrean, Itaiak "emakume langileen antolakuntza propioa" osatzera deitu du. 

Antolakundeak manifestazioak egingo ditu hilaren 25ean Iruñean, Donostian eta Bilbon, eta Durangaldeko Itaiak bertan parte hartzera deitu ditu herritarrak. Bilboko mobilizazioak 13:00etan irtengo du La Casillatik. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!