"Pentsioen erreforma bat gainean daukagu. Jendea esnatu egin behar da”

Jone Guenetxea 2023ko ots. 10a, 09:15

Orain bost urte, pentsiodunen mugimendua sortzen zebilela, ANBOTOk Durangaldeko ordezkariak elkarrizketatu zituen. Harrezkero, kolektiboak lorpen garrantzitsuak izan ditu. Hala ere, argi dute mobilizazioa dela bide bakarra aldarrikapen asko errealitate bihurtzeko. Astelehenero, Durangoko, Elorrioko, Iurretako, Zaldibarko, Berrizko eta Zornotzako elkarretaratzeetan pankartaren atzean egoten jarraituko dutela diote. Bost urte geroago egindako solasaldian, Jesus Aristegi Larrañaga (Bergara, 1955), Mariapi Mintegi Zuazo (Iurreta, 1945) Matias Oregi Arregi (Berriz, 1945), Mari Tere Alberdi Olabegoia (Berriz, 1944) eta Itziar Madariaga Bilbao (Zornotza, 1944) batu dira berriro, pentsiodunen kolektiboaren aldarriei buruz gogoeta egiteko.

Pentsiodunen mugimenduak bost urte egin ditu. Zein balorazio egiten duzue?
Jesus Aristegi: Balorazioa oso positiboa eta aberasgarria da. Lehenengo eta behin, gure mugimendua heterogeneoa da. Hemen ez dago siglarik. Eskaera zehatz batzuk daude, Europako Karta Soziala, eta, horregaitik, gure oinarria mundu guztia da. Pentsio duinak, soldata duinak, zaintza duina eta osasungintza duina eskatzen ditugu. Bestalde, mugimendua Euskal Herrian sortu da eta estatu osoan zabaldu da. Alde horretatik, aitzindariak gara. Gizartea atomizatu egin den arren, gu hor gaude astelehenero-astelehenero.
Matias Oregi: Honek hasiera bat dauka. 2008ko krisi ekonomikoaren ondoren murrizketa sozialak egin ziren. Pentsioetan erreforma bi egin ziren, Zapaterorena 2011n eta Rajoyrena 2013an.
Itziar Madariaga: Gogoratu behar dugun beste momentu bat Fátima Bañezek pentsioen 0,25eko igoera iragartzen zuen gutun famatuaren unea izan zen. Gutuna bidaltzea bera pentsioen igoera baino garestiagoa izan zen. 

Herri ekimenetik sorturiko mugimendua zarete. 
M.O.: Bakoitza bere herrian lanean zebilen eta bizi genuen egoerak elkartu egin gintuen. Hurrengo pausoa Durangaldeko koordinadora bat sortzea izan zen. ANBOTO gure berri eman zuen lehenengo hedabideetarikoa izan zen. 
I.M.: Horren ondoren, Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduagaz bat egin genuen. Hortxe hasi ginen mugimendua gorpuzten. Araban, Gipuzkoan eta Nafarroan ere bai. Koordinadora bat sortu zen eta estatuko taldeek ere parte hartzen dute. Estatuan erreferenteak gara.

Zeintzuk dira egiten dituzuen aldarrikapenak?
M.O.: KPI igoera erreala eskatzen hasi ginen. Baina horrek beste hainbat aldarrikapen mahaigaineratzea eragin zuen. Gure aldarrikapen zentralak adosteko gai izan ginen. Gutxieneko pentsioa 1.080 euro izatea eskatzen hasi ginen, beste hainbat aldarrikapenen artean: lanbide arteko gutxieneko soldata 1.200ekoa izatea, 40 urteko kotizazioa duen aurre jubilatuari zigorrik ez ipintzea...

Pentsiodunen artean kasuistika zabala duzue. Alargunen eskubideak defendatu dituzue.
I.M.: Alargunok senarraren pentsioaren %52 kobratzen genuen. Kostata, baina %60ra igotzea lortu genuen. Baina batzuek uste dute denok kobratzen dugula horrela, eta ez da horrela. Zuk pentsio bat baduzu, zeozer kotizatu duzulako, txikia izan arren, %52gaz jarraitzen duzu. %60ko igoera ez da denontzat izan.
Mariapi Mintegi: Jendeari egoera azaltzea izan da inportanteena. Batez ere, emakume eta alargunei. Askok ez dute pentsioen inguruan ezer jakin. Kontzientzia berri bat loratu da.  

Zeintzuk izan dira lorpenak?
M.O.: 2018an 0,25eko igoera bertan behera utzi zuten eta KPI igoeraren arabera igo ziren pentsioak. Akordio bat egin zuten eta pentsioen sostenibilitate plana ere martxan ipini gura zuten. Momentu hartan Rajoy zegoen eta pentsioak murriztu gura zituzten. 2022an eta 2023an KPI medio bat igo dute eta ez gaude ados. Horretarako, sinadura bilketa egin genuen. Azken bost urteetan Europara eta Kongresura ere joan gara, baita Gasteizera ere. Izan ere, pentsioak Madrilen daude, baina EAEko eta Nafarroako gobernuek eskumena dute pentsioak osatzeko. EAEn kalkulatzen da pentsiodunen %40 1.000 eurotik behera dagoela. 1.080 euroko pentsioa eskatzen dugu, baina 14 pagatan. Bestela, ia 3.000 euroko aldea dago.
J.A.: Europan eta estatuan badago arazo larri bat: pribatizazioa. Horregaitik, gure mugimendua garrantzitsua da. Guk arlo publikoa defendatzen dugu. 

Frantzian gertatzen dabilena gertutik jarraitzen zabiltzate?
M.M.: Frantzian jubilazioa 62 urtetik 64ra igo gura dute eta Macronen legearen kontra gazteak mugitzen dabiltzala ikusten dugu. Hemen 65etik 67ra igo gura dute eta jendea ez da kalera irten.
M.O.: Frantzian sindikatu nagusiak borrokan irten dira. Eta estatu mailan sindikatu nagusiak akordioak egiten dabiltza gobernuagaz, hori nabarmena da. Bestalde, Frantzian bigarren greban jende gehiagok parte hartu du. 2,8 milioi pertsona mobilizatu ziren. Guk iparraldekoekin kontaktua daukagu. Lehenengo greban, Baionan, 10.000 lagun batu ziren manifestazioan, eta bertan egindako handiena izan zen. Bigarrenean, 17.000 pertsona batu ziren. Gure delegazio bat ere mobilizazio horietan egon zen. Hartu-emanak landu gura ditugu Euskal Herrian.

Gizartean badago pentsioen inguruan borrokatzeko gogoa?
J.A.: Pentsioen erreforma bat gainean daukagu, ez baitute bertan behera utzi. Jendea esnatu egin behar da. Pandemiak kalte handia egin digu. Kapitalismoa indartu egin da. Hemengo sindikatuen garrantzia azpimarratu gura nuke. Sindikatuek euren arazoak dituzte. Ez da gauza bera orain 20-30 urte zegoen kontzientzia. Gaur egun gizartea apalagoa da, baina buelta eman behar zaio horri.
M.O.: Baina gauza batzuk lortzeko beste eragile batzuen beharra dugu. 
Mari Tere Alberdi: Mugimendu honetan mugitzen gabiltzan gehienok pentsio duinak ditugu. Gurea eginda dugu. Belaunaldi berrientzat ere ari gara lanean.  
M.O.: Eta guretzat ere bai. Nik neure KPI igotzea gura dut. Eta gero, dirua sobran badaukat eta eman gura badut, hori beste kontu bat da. Pentsio duinak esaten dugu, baina gu ez gara aberatsak.

Zeintzuk dira hurrengo mobilizazioak?
I.M.: Martxoaren 13tik 18ra itxialdi bat egingo dugu Bilbon. 30 bat lagun txandaka elkartuko gara, gose greban pentsiodunen aldarrikapenekin lotuta. Martxoaren 18an manifestazioa egingo dugu Bilbon. Eta astelehenetako elkarretaratzeak ere mantenduko ditugu. 

Gizarteak baloratzen du urte hauetan egin duzuen lan guztia?
MT.A.: Berrizen babes handia daukagu. Baina, aurrera egiteko, indar gehiago batu behar dugu.
M.O.: Badago errekonozimendu bat gizartean. Kalean egon izan ez bagina, gobernu honek ez zuen beste erabaki bat hartuko? Gure arerioak beti daude hor, eta oso indartsuak dira. 
M.M.: Gu ahaldundu egin gara, baina batzuetan pena ematen dit elkarretaratzeetan jende gehiago ez batzea.
J.A.: Gurea herriaren aldeko mugimendua dela esatea gustatuko litzaidake, eta denon alde egiten dugula. Jende askoren falta sumatzen dut, ezkerreko aldarrikapenetan ikusi izan dudan jendearena.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!