[BIDEOA]: Sinadura bilketa, Usansoloko ospitalean pediatria eta arrisku baxuko erditze zerbitzuak ipin daitezen eskatzeko

Anboto 2023ko ots. 6a, 10:05

Egitasmoa Barrualdeko ESIko herritar talde batek hasi du. Tartean daude Durangaldeko hainbat ikastetxe, guraso elkarte eta talde feminista. 

Barrualde ESIko herritar talde batek sinadura bilketa hasi du Galdakao-Usansoloko ospitalea handitzeko proiektuan "pediatria eta arrisku baxuko erditzeetarako zerbitzuak eskaini daitezen" eskatzeko. Herritar talde horren atzean 60tik gora ikastetxe, guraso elkarte eta talde feminista dago. Bizkaiko barrualdeko eskualdeetako herritarrak dira denak, eta Durangaldeko kideak daude horien artean.  Diotenez, Osasun Sailak "Galdakao-Usansoloko ospitalea handitu eta berritzeko inbertsio handia egingo du", baina bertan "ez da aipatu pediatria zerbitzurik, ez arrisku baxuko erditzeak artatzeko gunerik". Hori dela eta atxikimenduak batzeko kanpaina hasi dute. Atxikimendua talde bezala eman gura duenarentzako Barrualdeaosatuz23@gmail.com  helbide elektronikoa ipini dute. Norbanakoei begira, sinadura bilketa hasi dute change.org atarian

Honela arrazoitu dute kanpaina hasteko motiboa: "Batetik, gure eskualdeko umeek ospitaleko larrialdi bat edo ingresu bat behar dutenean, Gurutzeko Ospitaleraino jo behar dute, eta, ondorioz, gurasoak etengabeko joan-etorriak egitera derrigortuta daude". Bestetik, "gure eskualdeko emakume haurdunak ez dagokien eta ezezaguna zaien beste ESI bateko ospitalera joan behar izaten dute erditzera: Gurutzetako Ospitale erraldoira", adierazi dute. "Historikoki, zerbitzu horiek ez eskaintzea izan da, gure eskualdeko osasun arretaren gabezia nabarmenetariko bat. Ginekologia zerbitzu bat badugun arren, ez dago pediatria zerbitzurik ez erditzeak artatzeko gunerik", gaineratu dute.

Kanpainaren bultzatzaileek diotenez, Barrualdeko ESIak "70 udalerri batzen ditu bere baitan, Bildo Handian, Durangaldean, Busturialdea-Urdaibain, Lea-Artibain, Arratia-Nerbioin eta Aiaraldean kokatuta". Galdakao-Usansoloko ospitaleak "310.000 biztanleri" ematen die zerbitzua. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!